GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Urrezko Aizkora

Zazpi kanporaketa erabakita geratuko dira


J.L. | DONOSTIA

Maila nagusiko zazpi kanporaketa erabakiko dira asteburu honetan Urrezko Aizkoran. Bihar Ataunen, eta etzi Lekunberrin izango dira saioak.

Lau norgehiagoka interesgarri izango dira bihar Ataunen, Auzoeta kiroldegian, 19.30etik aurrera. Bertan, Elorriaga Kañamaresen aurka neurtuko da; Zubiaga Mugertza II.aren aurka; Etxebeste Atutxa II.aren aurka, eta Zubizarreta lehiatuko da Aierbe II.aren aurka.

Lau kanporaketa erakargarri dira, eta faborito garbirik ez dago. Batzuentzat, gainera, txapelketa honetako lehen kanporaketa izango da. Elorriaga, Kañamares, Zubiaga eta Zubizarreta lehen jokatuta datoz, baina besteentzat lehen kanporaketa izango da, eta estrainekoa beti arriskutsua izaten da.

Aurreko kanporaketan aritu direnentzat, ordea, ez du balioko orduko erreferentziarik, lana aldatu egingo baita. Lau saio hauetatik, Aierbek eta Zubizarretak jokatuko dutenak ikusmina piztu du, Aierbe bertakoa baita, eta etxeko zaleek bera ikusi nahi dute. Hala ere, ikusminik handienetakoa, Etxebestek eta Atutxa II.ak jokatuko duten neurketak piztu du.

Jendeak ikusi nahi du helduen maila honetan nola moldatzen den Aitzol Atutxa gaztea. Binakakoan txapela irabazi du, Donato Larretxearekin, baina orain bakarka, kontuak aldatu egingo dira, eta jendeak ikusi nahi du.

Aurrean, gainera, Etxebeste bezalako aizkolari beterano bat izango du, eta bere burua probatzeko ere garrantzitsua izango da bizkaitarrarentzat. Gakoa zutikako enborrean egon daiteke, oraingoan kana-erdikoa baita. Beste lanak, oso aproposak dira Atutxarentzat.

Etzi, berriz, 12.45etik aurrera hasiko da ekinaldia Lekunberriko pilotalekuan. Bertan, maila nagusiko hiru kanporaketa erabakiko dira. Etxeberria Rodriguez I.aren aurka neurtuko da. Patxi Mindegia Barberenarekin arituko da eta Senosiain II.a Ugartebururekin. Hiruretan, kanporaketarik garbiena lehenengoa izango dela ematen du, hor Felix Etxeberriak ez bailuke arazorik izan behar Juan Rodriguez segoviarra mendean hartzeko. Beste biak estuagoak agertzen dira.

Lekunberrin, ordea, ez dira maila nagusiko saioak bakarrik izango, 18 urtetik beherakoen neurketa bat ere izango baita. Bertan, Rodriguez II.a eta Alkizalete II.a lehiatuko dira. Hauek ligaxka ari dira jokatzen, eta biek lehen jardunaldia galdu egin zutenez, derrigortuta daude hau irabaztera, bestela kanpoan geratuko baitira.

Helduen mailako oraingo saioetan aldaketa bat izango da. Orain arte egin duten lan bera ez dute egingo, asko ez bada ere, behintzat, enborren tamaina aldatzen baita. Hasteko, 45 ontzakoa zeinek lehenago moztu neurtuko dira, hori orain arteko bera da, baina hemendik aurrera dator aldaketa. Gero, bakoitzak kana-erdikoa zutik moztuko du, eta azkenik, kana-erdiko eta 60 ontzako bana erdibituko dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo