Gaeliar futbola
Lehiaketa ofiziala Iruñera helduko da
J.L. | DONOSTIA
Gaeliar futbola, Irlandako kirol nagusia, oraindik zuzenean ikusi ez duenak, bihar aukera ederra izango du Iruñean bertatik bertara ezagutzeko.
Kirol honetako denboraldia torneoetan banatzen da, eta denboraldiko bigarrena jokatuko da Iruñean. Unibertsitateko zelaian 11.00etatik aurrera. Naomh Fermin, Iruñeko taldea, Barcelona Gaels, Madril eta Valentzia neurtuko dira. Valls Tarragonakoa ez da arituko oraingoan. Lehenbizi, ligaxka jokatuko dute denak denen aurka, eta 16.00etan, lehenengo biek finala jokatuko dute.
Orain arte torneo bat jokatu da, Bartzelonan egin zutena orain dela hiru aste, eta nafarrentzat denboraldia ezin okerrago hasi zen, lehen torneo horretan azken postuan amaitu baitzuten. Neskak ere izango dira, eta maila horretan Valentzia eta Bartzelona neurtuko dira.
Bada zer ikusia eta zer ikasia, beraz, Iruñean.