GARA > Idatzia > Gutunak

IKER BERISTAIN URIZARBARRENA Euskal preso politikoa, Castellóko kartzelatik

Maite zaitut, laguntxo!

Nola igarotzen den denbora, kamarada! Dagoeneko 5 urte bete dira 2003ko martxoaren 31 beltz hartatik, fisikoki utzi gintuzunetik, eta fisikoki diot, ongi baitakizu soilik gogoratzen eta maitatzen ez ditugunak ahazten eta hiltzen direla, eta zu une oro gogoan izanik, bizirik jarraitzen duzu gure artean, nola bestela!

Aitortu behar dizut urte hauek oso azkar igaro direla, gure herrian mila gauza gertatu direlarik eta abiadura bizian gainera. Urteotan une gozoak eta ez hain gozoak bizi izan ditugu. Euskal Herriak Espainia eta Frantziarekin duen gatazka gainditzetik inoiz baino gertuago egon gara, eta beti bezala, guk dena eman dugu horrela izan zedin, baina beste behin ere etsaiak, sasi abertzaleen laguntzaz, jeltzaleen ezinbesteko kolaborazioarekin, gure herriaren itxaropena zanpatu du, eta gatazka politiko-militarra konpontzeko benetako aukera zapuztu.

Hala ere, eta oraingoz lortu ez dugun arren, asko aurreratu eta mugarri sendoak finkatu ditugu euskal estatuaren sorrerara eramango gaituztenak, euskal jendarteak guztiz barneraturik eta onarturik dituenak.

Eta etsaiak bere helburua lortu ez duenez, Euskal Herriaren aurkako gerra estrategia bete-betean berrindartu du, dozenaka lagun atxilotu eta espetxeratuz, euskal borrokalariei tortura latzak eraginez, alderdi politikoak ilegalizazio bidean jarriz, 18/98 sumarioa dela-eta kartzela zigor latzak ezarriz, euskal presoon bizi baldintzak okertuz eta sakabanaketa (Nati Junkoren erailketa eragin duena ) areagotuz...

Baina gurekin jai dute, tinko eutsiko baitiogu, argi baitugu ez digutela ezer oparituko, eta borroka dela bide bakarra gure ametsak errealitate bihur daitezen.

Niri dagokidanez, espetxe frontean borrokan darrait, uneotan Castellóko kartzela dudala lubaki, azken urtean nire curriculuma dezente loditu baita espetxe ezberdinak ezagutzeari dagokionean; beraz, zuk zenioen moduan, benetako euskal preso politiko bilakatzen ari naizela dirudi, e?

Beno Antxon, agurtzen hasiko natzaizu, baina zin dagizut borrokan jarraituko dudala gure ametsak errealitate bihurtu arte, zintzotasunez eta koherentziaz, eta jakin badakit asmo honetan, eta beste hainbatetan ere, ondoan izango zaitudala, bultza eta bultza, lortu arte. Muxu eta besarkada mordoa pila maite zaituen lagun matxinatu honen aldetik! Borrokak merezi du! Osasuna, maitasuna eta askatasuna!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo