KRONIKA Trintxerpetik Bulebarrera
Arrazakeriaren aurkako borrokaren zailtasunak irudikatu zituen euriak
Gora, zeruari begira jarri eta «arrazista zara!» oihukatu zuenik ere izan zen Donostian, Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako XI. martxan. Eguraldi petrala izan arren, ekimena partaidetza handikoa izan zen; baita pedagogikoa ere. Irakaspen bat, behintzat, ikusarazi nahi izan zuten antolatzaileek, amaieran, etengabeko euri jasa arrazakeriaren aurkako borrokan izan ohi diren oztopoen metafora zela adieraziz.
«Contra el racismo y la xenofobia. Gizarte diskriminaziorik ez, igualdad de derechos para todos» lemarekin egin zuten atzo goizean, Donostian, SOS Arrazakeriak eta Medicusmundi elkarteek urtero antolatzen duten Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Martxa. Atzokoa hamaikagarren edizioa izan zen.
Goizeko 11.30erako minutu batzuk besterik falta ez zirenean hasi ziren, astiro hasieran, lehen euri tantak. Ordurako zorua bustita zegoen, baina ez zirudien halako zaparrada botatzeko indarra zutenik goialdea bekozko beltzez inguratzen zuten hodeiek. Hala ere, aterkiak eskuetan, ehunka lagun elkartzen hasi ziren Trintxerpen.
«Diskriminazioa» oinarri
Gizarte laguntzetarako «eskubide berdintasuna» aldarrikatzea zen atzoko martxaren xede nagusia. Antolatzaileen esanetan, Estatu espainoleko hauteskundeak igaro ditugun honetan, gizarte politikak «diskriminazioan» oinarritzen direla, «eta ez integrazioan», gero eta agerikoago da; nahiz eta hori ezinbestekoa izan gizarte kohesionatu bat lortzeko, nabarmendu zutenez.
Hala, aldarrikapenaren eta salaketaren protagonista nagusiek, alegia, etorkinek, pankarta eusten zutela, maldan gora abiatu zen perretxiku-manifestazioa. Hala zirudien behintzat, aterkiak eta aterkiak besterik ez baitziren ikusten. Gerora, ordea, batek baino gehiagok zakarrontzietan utziz esan zieten agur.
Igandea zela, goizean zela, lo egiteko ordubete gutxiago zegoela, eta euri jasa itzela ari zuela kontuan hartuz gero, ez zen lorpen makala izan ehunka lagun batzea manifestazioan. Afrikako musiken soinuak aireratzen zituen autoa, aurrean, bidea irekitzen zihoala, hitz eta pitz aritu ziren manifestariak, irrifartsu, goitik behera blai egoteak umorean pitzadurarik txikiena ere eragingo ez balie bezala.
Mirakruz kalea hartzeko tenorean, herritar gehiago elkartu ziren Arzak jatetxearen parean. Eta halakoak ibilbide osoan errepikatu ziren. Ez zen, gainera, laburra; ia ordu eta erdi eman zuten mobilizazioa Bulebarreko kiosko aurrera iristerako.
Inoiz baino babes handiagoa jaso duen edizioa izan da aurtengoa. Alderdiak eta sindikatuak barne. Ordezkari batzuk han izan ziren; hala nola, EBko, Aralarreko edota LAB sindikatuko eledunak. Guztiak iritsi ziren Bulebarrera; bertan, txalapartaren doinuarekin ekitaldi laburra entzun eta, jarraian, batukadak bete zuen Bulebarra. Berotasuna berreskuratzeko dantzatzeri ekin zionik ere izan zen; gehienak, ordea, ziztu bizian joan ziren arropak aldatzera. Arrazakeriaren arrastoak, tamalez, ez dira horren azkar ezabatzen.
Gari MUJIKA