ACB Liga
Martxoko gurutze-bidea Unicajaren aurka irabaziz amaitu da
Taldeak oso defentsa ona egin zuen, eta erasoan aspaldiko partidarik onena jokatu zuen Huertasek hamaseigarren garaipena erabakitzeko. Zoritxarrez, Ranciki berritu egin zitzaion belauneko lesioa.
BILBAO BASKET 79
UNICAJA 67
Arnaitz GORRITI | BILBO
Partida estu baten azken txanpan markagailua 69-67 zegoen. Vidorretak 2-1-2 zonakako defentsa bere horretan utzi zuen, Unicajak hirukorik ezin zuela sartu ikusita. Bestetik, Huertas eta Salgado batera kantxaratu zituen gainera, nahiz eta Salgadok oso neurketa txarra egin.
Hala, hurrengo erasoan Santutxuko antolatzaileak erantzukizuna hartu zuen, baita hirukoan asmatu ere. 72-67tik aurrera jokalariek eta zaletuek ikusi zuten martxoko gurutze-bidea amaitu zela, eta bizkaitarrek -Real Madrilen aurkako partidaerabakitzeke dagoen artean- hamaseigarren garaipena behingoz poltsikoan zutela.
Gaizki hasi arren, defentsari esker etxekoek buelta eman zioten norgehiagokari. Pasalic eta Ilicen taulapeko lan sendoa eta Huertasen -22 puntu- itzulera izan ziren garaipenaren arrazoi nagusiak. Jiménez, Haislip eta Ndong izan ziren, bestalde, Unicajaren jokalari onenak.
Albiste txar bat ere izan zuen, ordea, talde bilbotarrak atzo. Martin Ranciki berritu egin zitzaion belauneko lesioa. Belauna blokeaturik geratu zitzaion jokaldi baten ondotik. Saiatu zen jokora itzultzen, baina jokaldi baten ostean kendu egin behar izan zuen Vidorretak.
Dena den, sailkapeneko seigarren lekura igo dira bizkaitarrak, eta gainera, play offetatik kanpo dagoen Kalise Kanaria handiarekiko bi garaipeneko zuloa irekiz.
Azken aldiko bolada txarra behingoan atzean utzi ondoren, Txus Vidorreta oso gustura azaldu zen kazetarien aurrean. Bere taldeak «garaipen bikoitza» lortu duela adierazi zuen Indautxukoak, «taldeak Unicaja lako aurkari gogor bat gainditu eta Ranciken lesioari ere aurre egitea lortu duelako».
«Taldeak kalitateaz gain kasta duela erakutsi du. Halakoren baten lortu dugu hamaseigarrena, talde honen errekorra. Partida bikaina izan dela uste dut, Unicajak 30 minutuz oso ongi jokatu du-eta», azaldu zuen Txus Vidorretak.
«Gure aldetik, sentsazio onak berreskuratu ditugu. Gero eta defentsa lan hobea burutu dugu, eta azken laurdenean jaurtiketetan ere asmatzea lortu dugu, nahiz eta Rancikek lesioa izan», esan zuen bilbotarren entrenatzaileak.
Txanponaren ifrentzua Sergio Scariolo teknikaria zen. Bresciako entrenatzailearen aburuz «Bilbao Basket zoriondu behar dugu. Guk 36-37 minutu oso serio jokatu ditugu. Zoritxarrez, kontzentrazioa galdu dugu azken minutuetan. Erasoan ez dugu ongi jo, eta zenbait puntu oparitu ditugu falta inozoak eginez», adierazi zuen.
A. G.
Clifford Luyk handiaren seme Sergio Luyk atzo hil zen 36 urte zituela. Minbiziak jota zegoen aspaldion Real Madrileko, Valladolideko Forum eta Lugoko Breoganeko jokalari ohia. ACB Ligara iritsi aurretik Estatu Batuetako Saint John's unibertsitatean jokatu zuen bost urtez.
ACB Ligako atzealdea gero eta estuago ageri da. Are estuago Fuenlabradak Granadan 82-86 irabazita. Marko Tomas kroaziarrak asteko MVP izatea lortu zuen, 25 puntu eta 37ko balorazioaz. Bestetik, istiluak izan ziren zaletuen eta madrildarren aulkiko jendearen artean.