Iñigo Lamarca Iturbe Arartekoa
Arartekoa ijitoekin
Ijito Herriaren Nazioarteko Egunean, egun berezi honetan, ohartarazi nahi dizuet gure gizartean oraindik ere gaitzetsi egiten dela «ijitoekin» erlazionatuta dagoen oro. Administrazio publikoak modu arduratsuan hasi dira ijito herria sozialki eta kulturalki aintzat hartzen eta horiek jazarrita bizi izan direla onartzen. Horretarako, ijitoak gizarteratzeko eta ekonomian barneratzeko neurriak abiarazi behar izan dira. Egiten ari diren lana zaila da, ijitoek jasan behar izan duten isolamendua eta bazterkeria ezin baita urte gutxi batzuetan gainditu. Emaitzak etorkizunean ikusiko dira. Baina merezi duen lana da eta, arartekoa naizen heinean, eragile sozial eta instituzionalak egiten ari diren ahaleginek nire begirune osoa dute. Besteak beste, eskola-porrotaren aurka egiteko, bizitoki egokia eta bizimodu duina izateko, lan merkatuan txertatzeko eta herriko arazoetan hitz egiteko aukera izateko laguntza lanaz ari gara.
Bultzatutako neurriek, batzuetan, gizartearen erantzuna izan ohi dute, ez baita ulertzen ijitoek laguntzarik jasotzea. Ijito herri osoari leporatzen zaio zenbait kideren portaera, nahiz eta horiez jada epaileak arduratzen diren. Horrela, esate baterako, etxebizitza batean bizitzen hasiko den pertsona ezagutu gabe, ijitoa dela edo leku «gatazkatsu» batean bizi zela jakinda bakarrik, bizilagunak pertsona horri berriro bizilekua eman ez diezaioten ahalegintzen dira. Beharbada, berriro bizilekua emateaz gain, beste neurri batzuk ere behar dira auzokideen arteko bizikidetasuna ahalbidetzeko, baina garrantzitsua da argi izatea ijitoak gizarteratzeko eta haiek XXI. mendeko herritar gisa sustatzeko, gainerakoen baldintza berberetan, beharrezkoa dela guztiak elkarrekin bizitzea, auzoetan, lanean, eskolan... Ezin dira bakartu, ez eta herri batetik bestera leku «atseginago» baten bila ibiltzera behartu; historiak garbi azaltzen duen moduan, hori ez baita inoiz erabat hala izan herri honentzat.
Egia da urrats garrantzitsuak egin ditugula, besteak beste, Gutxiengo Nazionalak Babesteko Esparru Akordioa berrestea edo Ijito Herriaren Erabateko Sustapenerako eta Partaidetza Sozialerako Euskal Plana onartzea; baina oraindik ez dira guztiz bete hartutako konpromisoak eta horiek betetzea eragozten duten bereizkeriazko jarrerei aurre egin behar zaie. Zor diegu, eta, ziur asko, ondorengo belaunaldiek, bai geureek, bai beraienek, eskertuko dute.