Xiien arteko liskarren jatorria okupazioa da
Basorako gudua, azken asteetan Al Maliki lehen ministroak AEBetako armadaren laguntzaz gidatu duen Al Sadr-en aurkako operazio militarra, indar okupatzaileek eta beraiek inposatutako klase politikoak galdu dute, hurrenez hurren. Xiien arteko guda sektario gisa aurkeztu den hori okupazioaren aldekoen eta aurkakoen gatazka politikoa da, bete-betean. Eta, erlijio sinesmenetaz harago, Irakentzat antolaketa politiko, ekonomiko eta sozial independentea aldarrikatzen dutenek irabazi dute.
Mendebaldean Al Sadr elizgizon soil gisa aurkezten dutenek bere borrokak duen dimentsio abertzalea eta, ondorioz, bere ekintzek duten izaera politikoa ezkutatu nahi dute. Ikuspuntu horretatik bakarrik uler daitezke, ordea, berak zuzentzen dituen milizien ekintza armatuak, aurreko astean agindu zuen su-eten taktikoa, aste honetarako antolatu dituen okupazioaren aurkako mobilizazio masiboak, eta hauteskundeetan lortutako babesean oinarrituz antolatu duen borroka instituzionala. Eta alor horietan guztietan duen babesa gero eta handiagoa da. Horregatik, Al Sadr datorren urriko hauteskundeetara aurkeztea galaraztea zuen azken helburutzat Al Malikiren operazioak. Bide militarretik ezin badu -orain argi dago ezin duela- agintean jarri zutenen laguntza eskatuko du, beste behin ere.
Baina kanpo politikaren esparruan Bushen administrazioari arazoak pilatzen ari zaizkio. Adibidez, Petraeus jenerala Washingtonen da egunotan, besteak beste, operazioaren balantzea egiteko. Porrotaren ondoren, operazioan AEBek izan duten inplikazio zuzena ezkutatzen ahaleginduko da jenerala, ziur asko. Baina Cheney berak operazioari emandako babesa agerikoegia da. Hara, bada, Al Sadren aurkako estrategia moldatu beharko dute, bide politikoetarako aukera emanez. Dena den, horretarako arazo nagusia ez da Iraken kokatzen, baizik eta AEBetan. Hango hauteskundeen arabera finkatuko da Iraken jarraitu beharreko estrategia. Irakeko egoera, ordea, bertako herritarrek markatzen dute eta, aldez edo moldez, okupazioa etetea nahi dutela ari dira esaten.