GARA > Idatzia > Gutunak

Alaitz, Eider eta Pello Ruiz de Agirre Larreategi Erromo

Maite zaitugu, Jabi!

Amorruz hartu genuen, Jabi, zure gaixotasunaren berri. Madarikatzen dugu heriotza ate-joka, bat-batean, etortzen denean. Baina borrokalaria izan zara, borrokalari handia, eta duintasunez eutsi diozu enbataren azken erauntsiei, tinko, heriotzari aurrez-aurre begiratuz, azkeneko hatsa lehenago eman izan bazenu bezala. Gaixotasunak astiro itzali zaitu, zuk maite zenituenak banan-banan agurtu zenituen bitartean, zure erara, bizitzako azken momentuak zurekin konpartitzeko aukera eskainiz.

Heriotzak gure albotik eraman zaitu, itsasoaren muturrera, eguzkia udako ilunabarretan ezkutatzen den lekura, gu iritsiko ez garen tokira. Eta gogorra da agur esatea gero arte batez ordezkaezina bihurtzen denean; gero arte batekin agurtuko gara beraz, negarra begietan baina harro. Zure absentziak eragindako malkoek orria bustiko dute, baina egon zaitez lasai, bihotzean ditugu idatzita maitasunez beteriko lerroak, malkoen gaziak ezabatu ezin dituen tokian.

Pertsona zoragarri bat galdu dugu, baina baita militante eredugarria ere. Azkeneko uneetara arte etxetik urrun daudenei zure indar zantzu xumeena bidaltzeko aukera ez zenuen galdu, Miren eta Ibanen besoez lagunduta lehenik eta makuluez ondoren, bizitza osoan zehar duintasunez bete zaituen koherentzia azken muturreraino eramanez.

Alaitasunez bete izan dituzu gurekin igarotako momentuak, herenegungo gaua saminak mututu badu ere. Baina gau oskarbietan elkartuko gara berriz, piztu berri duzun izarrak irri egingo digunean. Joan zaitez bada, libre, antzina galdutako kideekin batera, inongo katek lotuko ez zaituen euskal herriko zeruetara. Behin jaio, behin bizi baina beti borrokatu direnak ez baitira inoiz hiltzen... gugan biziko zara betiko, garaipenaren egunera arte!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo