GARA > Idatzia > Gutunak

Itziar Perez Segiko kidea

Euskal Herri feministarantz, zutik emakumeak

Patriarkatuarekin etorkizunik ez dugula behin baino gehiagotan esan du euskal gazteriak. Berdintasunaren diskurtsoaren baitan hazi eta hezitakoak bagara ere, eta instituzioetatik etengabe hori indartzen ahalegintzen diren arren, errealitatea oso bestelakoa dela begi-bistan dago, emakume izanagatik zapalkuntza jendarteko eremu guztietan pairatzen dugu eta. Gure eskubideak sistematikoki urratu eta erabakitzeko eskubidea ukatzen dizkigute UPN, UMP, PNV-NaBai, PSN-PSOE: abortatzeko eskubidea urratu, jai herrikoietan gure parte hartzea murriztu, edota gure aurkako eraso sexistak ezkutuan mantendu. Eta, gainera, Euskal Herria ukatu eta euskal herritar gisa erabakitzeko eskubidea urratua dugu.

Horregatik, gure hitza aintzat hartu eta gure eskubideak bermatu daitezen etorkizun bakarra independentzia da. Euskal estatu sozialista eta feminista helburu dugu, miseriara, prekarietatera eta heriotzara kondenatzen gaituen sistema kapitalista patriarkala suntsitu eta jendarte parekidea eraiki nahi dugulako.

Horretarako, emakume gazteok jaiki eta estrukturalki jendarte egitura irauliko duen eraldaketa gauzatuko dugu! Eta, norabide horretan, beharrezkoa da neska gazteak zapalkuntzaren aurrean kontzientzia hartzea, egoera ez onartzea, zutitzea eta gure eskubideak eskuetan hartzea. Neska gazteak kolektibo zapalduak gara eta horregatik lehen lerroan jarri eta gure egoeraren inguruan hausnartzea, elkartzea, babestea eta alternatibak eraikitzea ezinbestekoa da. Horretarako, aukera ezin hobea izango dugu apirilaren 11n Kukutza gaztetxean egingo den Euskal Herriko emakume gazteon asanbladan, eta, noski, apirilaren 12an eta 13an Portugaleten egingo diren Euskal Herriko IV. Jardunaldi Feministetan.

Oraingoa emakumeok bizi dugun egoeraren inguruan hitz egin eta aurrera begirako norabidea marrazteko unea da; baina ezin dugu ahaztu, maila ezberdinetan bada ere, sistema honen baitan emakume zein gizonak zapalduak garela, eta, hortaz, jendarteko eremu guztietako herritarroi, gazteoi, dagokigula kapitalismo patriarkala borrokatzea eta Euskal Herri feministaren bidean borrokatzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo