GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Emakume gazteen sarea izango da borrokarako gure arma»

p020_f02.jpg

Kattalin Perez eta Hegoa Ugalde
Emakume gazteen asanbladako antolatzaileak

Emakumeak bizi duen egoerarekin erabat arduratuta dauden bi gazte bilbotar dira hauek. Borroka feminista indartu nahi dute, eta horretarako emakume gazteen aktibazioa eta aliantza ezinbestekoa dela ikusita, beste neska askorekin batera, emakume gazteen asanblada antolatu dute gaurko.

Oihana LLORENTE |

Bihar hasiko diren Euskal Herriko IV. Jardunaldi Feministen karietara, emakume gazteen asanblada egingo dute gaur makina bat neskek Bilboko Kukutza gaztetxean. Borroka feminista indartzeko helburua du asanblada honek, baina bereziki emakume gazteen aktibazioa eta aliantza bilatzea da lehentasuna.

Zein helburu du asanbladak?

Hegoa Ugalde: Emakume gazteok bizi dugun egoera hausnartu, eta horren gaineko alternatibak aztertuko ditugu. Horrela, borroka feminista bera indartu nahi dugu. Egoera eremu orotan aztertuko dugu; gure kontzientzia feminista zer-nolakoa den, antolatuta gauden herri mugimenduek feminismoarekiko dugun atxikimendua, gure jardueraren hutsune eta indargune nagusiak... Hutsuneei aurre egiteko eta, orohar, borroka feminista indartu eta zabaltzeko, emakume gazteen arteko sarea osatzea da helburua.

Kattalin Perez: Emakume gazteok bizi dugun egoera ez da ezagutzen eta, beraz, asanbladan ekarpenak, bizipenak, ezagutzak jaso nahi ditugu, emakume gazteok bizi ditugun egoerak ezagutu eta ezagutarazteko.

Askotan mintzatu zarete kontzientzia feminista sendotu beharraz. Emakume gazteengan kontzientzia feministarik ez al dago? Zergatik?

H.U: Sistema kapitalista patriarkalak bere oinarriak ezkutuan iraunarazi, zapalkuntza forma berriak garatu ditu, eta egungo zapalkuntza sotilagoa bilakatu. Horrek guztiak, zailtasunak dakartza zapalkuntza identifikatzeko eta, beraz, borroka feministaren beharraz ohartzeko.

K. P: Egun ohikoa bilakatu da feminismoaren kriminalizazioa, gehiegizkotzat edo erradikaltzat joz. Anekdotatzat hartu ere egin dute, feminismoa matxismoaren antagonista dela esanez. Horrekin, emakume gazteak borrokarekin ez identifikatzeaz gain, urruneko gai bat bailitzan ikusten dute.

Emakume gazteak berdintasun formala dagoelako ustean hazi dira. Ba al du horrek eraginik emakume horiengan? Desberdintasunak nabaritzen al dira adinaren arabera?

H. U: Egia da egungo gazte belaunaldiak berdintasun formalaren diskurtsopean hezi gaituztela, eta horren adibide dira erakundeek helarazten dituzten gezurrezko parekidetasunaren diskurtsoak. Bestetik, emakumeen eskubideen aitortza formala dela, edota emakumeak lan mundura eta hezkuntza sistemara sartu izana... azaleko aldaketak eragin ditu eta, noski, guregan eragina izan du. Neska askok berdintasunean bizi direla uste du; ez dute beren burua diskriminatua ikusten, eta kasualitateari egozten dizkiote egoera konkretuak.

Asanbladan, eremuz eremu emakume gazteak bizi duzuen egoera aztertuko al duzue? Hitz gutxitan, egoera hori nolakoa dela uste duzue zuek?

H. U: Asanblada prestatzerakoan testu bat jorratu dugu egoeraren hausnarketa orokorra eginez. Bertan hainbat alderdi aztertzen dira, hala nola hezkuntza prozesuan zutabe nagusi diren familia eta eskola, sexuaren araberako rolak birproduzitzera bideratuak daudela; komunikabideetan estereotipo konkretuak inposatzen direla; lan merkatuan langabeziak edota prekarietateak gugan eragin handia duela; edota harreman afektibo eta sexualetan bizi eredu zehatza inposatzen zaigula... aipatzen dugu.

K.P: Ezinegonak eta diskriminazio egoerak aldatu diren gisara, borroka eremuak ere aldatu dira. Esaterako, hainbeste borrokatu den parekidetasuna, lan munduan, eskolan, politikan, eta, itxuraz bada ere, legeen aurrean ere lortu edo lortzen ari da; beraz, ikasi eta lan egin dezakegunez, askatasun teoriko bat dugula iruditzen zaigu. Haatik, askatasun hori murritza edo oso markatuta dago; finean, askatasun horiek muga batzuen barnean kokatzen dira, estereotipo, esfortzu gehiago edo egoera prekarioagoetan; eta, hala, ez da askatasun erreala.

Aurrera begira, emakume gazteek zer-nolako ekarpena egin diezaieke borroka feministari? eta nola gauzatuko da?

H. U: Emakume gazteak denbora asko daramagu borroka feministan gure ekarpena egiten. Azken batean, belaunaldi gazteak etorkizuna gara, eta ezinbestekoa da gure lana. Asanbladatik harago lanean jarraitzeko beharra ikusten dugu, eta horretarako emakume gazteon aktibazioa eta aliantza beharrezkoak dira. Hor kokatzen dugu sarea. Asanbladan gure egoeraren hausnarketatik abiatuta, oztopoei aurre egiteko alternatibak planteatuko ditugu, baina horiek aurrera eramateko elkartzen jarraitu beharko dugu. .

K.P: Egun feminismoa feminismo askotan bilakatzen ari da, eta horiek entzuten hasi behar dugu. Guk gaur egungo feminismoa eredutzat hartuko dugu, orain artean egin den lana miresten baitugu, baina badakigu lekukoa hartzea ere tokatuko zaigula, eta orduan prestaturik ikusi behar dugu geure burua. Emakume gazte feministen sarea sortzen bada, sekulako arma litzateke lanean jarraitzeko, eta etengabe aldatzen ari den borroka honetarako.

 

ezagutaraztea

«Emakume gazteok bizi dugun egoera ez da ezagutzen, baina guk asanblada honen bidez ezagutu eta ezagutarazi nahi dugu»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo