«Sonoritate aldetik oso pasarte aberatsak ditu disko honek»
MUSIKARIA
Oñatiarrak atzo aurkeztu zuen Bilbon bere azken lana, «Hamar t'erdietan». Zuzeneko baten grabaketa da, 2006ko urriaren 26an eta 27an Bilboko Kafe Antzokian eskainitako kontzertuetan grabatutakoaren CD eta DVDa. Azken sei urteetan berarekin aritu den Mugalaris taldearekin egindako lanaren nolabaiteko «lekukotasuna» izan nahi du lanak. Orain, aurrera begira, beste hiru lagunekin arituko da.
Rebeka CALVO | BILBO
Alberto de la Casa, Dani Perez eta Nando de la Casa Mugalaris-eko taldekideekin orain arte egindako lanaren «errepasoa» bakarrik ez, «Hamar t'erdietan» lana mugarri bat ere bada; aro baten bukaera eta beste baten hasiera. «Mugalariak» atzean utzi, eta orain Hasier Oleaga, Lucho Neira eta Arkaitz Minerrekin arituko da taula gainean. Zuzenean ikusteko aukera izan ezean, diskoaz goza daiteke: 14 kantu biltzen ditu CDak eta sei kantu DVDak.
Zortzi urte eta gero, «Gaur» kaleratu zenuenetik, zuzenekora itzuli zara, nahiz eta zu ez zaren, zure hitzak dira, zuzeneko diskoetarako, zergatik?
Langintza honetan oso zaila da sei urtetan talde berarekin aritzea, eta horregatik pentsatu nuen behar zela horren lekukotasuna. Egia esan, lehenik grabatu egin genuen, aterako genuenik ere oso argi eduki gabe.
Biak ala biak Kafe Antzokian burututako kontzertuen grabaketak dira, beste antzekotasunik ere ba al dago, bata eta bestearen artean?
Nire ustez, «Gaur» diskotik hona asko ibilia naiz, gutxienez, hiru diskorekin -«Hurrengo goizean», «Kantuok jartzen ditut», «Hiru truku»ren hirugarrena-; eta zuzeneko aurreko disko hartan parte hartu zutenetarik, musikari bakarra dago disko honetan, beraz, nahiz eta kontrakoa iruditu, aldaketa handia da. Nire ustez, hori sumatzen da, ez baitu aurrekoekin zerikusirik. Errepertorioari begira ez da kantu bakar bat ere errepikatzen. Kafe Antzokiari dagokionez, egia da ez dela ohikoa bi zuzeneko grabazio egitea, ezta ere biak toki berean egitea. Baina guretzako Kafe Antzokia «kanpamentu base» gisako bat da.
Grabaketa 2006ko urriaren 26an eta 27an eskainitako emanaldietan egin zenuten, zergatik itxaron duzu horrenbeste denbora kaleratzeko?
«Memoriaren mapa»rekin aritu naizelako; eta 50 kontzertutik gora eman ditut, guztiz bestelakoa den esparru batean. Diskoak asko iraun du, eta iraungo du. «Hamar t'erdietako» alderdi musikala argi neukan udararako, baina «Memoriaren mapa»ren bira bukatu arte itxarotea erabaki genuen, aurretik 20 bat kontzertu emateko nituen-eta.
Zer izan zen zuzeneko emanaldia prestatzeko unean lanik handiena eman zizuna?
Lanik handiena zer kendu eta zer jarri behar zen erabakitzea izan zen. Gora-behera asko ibili ditut, zeren eta disko bikoitza behar genuen eta, beraz, pentsatu nuen hobe zela DVD hori dokumentu gisa, edo opari gisa, gehitzea. Metodo arbitrario bat erabili nuen; taldekide bakoitzak kantu bat aukeratu zuen. DVDan bada, gainera, CDan ez dagoen kantu bat -«Bihotz begiekin»-. Guztira 15 kantu.
Diskoa «mugalariekin» orain arte egindako ibilbidearen errepaso modukoa da beraz.
Hori baino gehiago, lan hau guk 2000tik 2006ra jo izan duguna da. Hau da, laukote gisa -Alberto de la Casa, Dani Perez, Nando de la Casa eta laurok- erabili izan dugun errepertorio antzeko bat eta aldaera bitxi batzuk. Errepasoa da, zuzeneko guztiak errepaso modukoak diren heinean.
Nik aurrera pauso oso argi bat ikusten dut eta, zalantzarik gabe, tartean dauden hiru diskoek badute zeresanik lan honetan. Oso pozik nago, zeren bestela hau hor geratuko baitzen, eta esan dudan moduan, oso zaila izaten da sei urtez lantalde bera izatea.
Diskoan ohiko laukoteaz gain, beste bi musikari izan zenituen bidelagun.
Bai, Arkaitz Miner eta David Soler. Nire ustez sonoritatean zeresan handia izan dute.
Country kutsuaz ari zara?
David Solerrek pedal steela jotzen du, eta hori beti lotu ohi da countryarekin, baina nire ustez aldaketarik handiena erritmoaren ikuspegian dago, beste era batera hartutako kantuak dira. Izan ere, nik Mugalaris izenarekin bataiatu dudan eta nirekin jotzen duen musikari talde hori eraldatuz joan da. Nik uste sonoritate aldetik oso pasarte aberatsak dituela diskoak. Alor askotatik edaten du lanak.
Ezin konpara daiteke, beraz, «Gaur» diskoarekin.
Dena da ezberdin disko honetan, niretzako, bistan denez, zuzeneko bat beti izaten da egindakoaz, ebidentziaz, baina niretzako aurrera begirako diskoa ere bada. Baditu tarte oso bereziak, eta nire esperientziak dio galbahetik ale asko pasa behar dela horra iristerako.
Aurreko «mugalariek», beste batzuengatik aldatu dituzu orain, Hasier Oleaga baterian, Lucho Neira baxuan eta Arkaitz Miner gitarra akustikoan. Jende gaztea, arnas berria.
Aldatzea beharrezkoa da. Hasieratik aritu izan naiz talde batekin, nahiz eta talde hori aldakorra ere izan den. Disko hau aurrera egiteko nahiko nuke profitatu, eta talde berri batekin zenbait kantu berrartzeko eta kantu berriak sartzeko... Kolaborazioak gorde nahi ditut. Disko honetan oinarrituko gara aurrera beste pauso bat emateko.
Hasier Oleaga eta zurekin zortzi urtetan aritutako Dani Perez jazzean benetako artistak dira, eta zu ere jazz munduan eginak dituzu zenbait emanaldi. «Jazzeroago» somatuko al zaitugu aurrerantzean?
Nik ez dut horrela ikusten musika. Badakit beharrezkoa dela, baina niretzako dena bat da (jazz, country, rock...). Kantuak egiten ditut, eta saiatzen naiz pitin bat harago joaten, bueno, edo honantzago, berdin zait. Kantuak behar duena, alegia. Buruan errepikatzen dena kantuan entzun nahi dut, estiloak ez dira existitzen.
Martxotik hona, jada, bospasei kontzertu emanak dituzu taldekide berriekin, horietako bat Habana hiriburuan. Nola hartu zaituzte, oraingoan, Kuban?
Behiak trenari begiratzen dion bezala, beti gauza bera Kuban. Oso baldintza desberdinetan bizi den herria da. Baina gustura jotzen dut han.
Estudioko hurrengo lanerako itxaron egin beharko dugu orduan.
Oraintxe ez dago beharrik. Disko hau poliki-poliki gauzatu dut eta orain honi tartetxo bat eskaintzeko unea da.