GARA > Idatzia > Kultura

Plazak eta kaleak antzerkiz beteko dira udaberriarekin bat iristen diren jaialdiekin

Areto baten hormetatik aske, publikotik gertu. Horrela ibiliko da antzerkia datozen hilabeteetan. Apirilean eta maiatzean ospatuko diren jaialdiek hainbat ikuskizun kaleraraziko dituzte jai giroa sortuz Euskal Herriko hiri eta auzo askotan. Bihar Usurbilen biziko da Kale Antzerki Eguna. Baina horren ondoren ere ekimen asko izango dira antzokietatik at: Leioako «Umore Azoka», Biarrizko «Festival des arts de la Rue» edo Baionako «Les Maimorables», esate baterako.

p064_f01_148x112.jpg

Itziar AMESTOY | GASTEIZ

Badago antzerkia gauza itxi eta urruna dela pentsatzen duenik. Are gehiago, gutxi batzuen abantaila gisa sailkatzen dutenak ere ez dira falta. Pentsamolde honen aurka joko dute hurrengo asteetan Euskal Herriko hainbat lekutan ospatuko diren jaialdiek. Ildo honetan, argigarria da bihar Usurbilgo Kale Antzerki Egunaren arduradunek egin duten hausnarketa: «Kaleko antzerki batek eragiten duen bizipena berezia da: egunero ikusten ditugun kale eta plazak egunerokotasunetik aldendu eta antzeztoki bihurtzen dira, ikusleak benetako ikuskizun batekin egiten du topo, ikuslea parte hartzaile bihurtzen da».

Aurten lehenengo aldiz ospatuko den ekimena da Usurbilgoa. Bihar ikusi ahal izango dira herriko plazan eta inguruetan zehar talde profesionel zein amateurrek egindako ikuskizunak. Lehendabiziko edizio honetan, 12.00etatik 24.00ak bitartean, Euskal Herriko txoko guztietatik iritsitako taldeak arituko dira: Etxauriko Atikus, Zaratamoko Hortzmuga edota Zarauzko Alprojak, beste askoren artean.

Horrez gainera, biharko berariaz sortutako bi antzezlan ere ikusiko dituzte Usurbilen. Bertako Txerrikik egin duen «Txarrak Show» eta Kolax taldeak -Pasaiakoak- aurkeztuko duen «Bixotzerrenak». Edukien aldetik, izaera ludiko eta jostalaria izango dute. Hala ere, egitasmo hau sendotzen joateko asmoa dutenez, gizarte gai mamitsuetan sartzeko intentzioa dute antolatzaileek. Aurrerapen bezala, usurbildarrentzako hain hurbilekoa den zaborraren tratamenduaren gaia jorratuko duten lanak ere izango dira bihar.

Umore Azoka, Leioan

Estreinaldiak hartuta ardatz gisa, maiatzaren 22tik 25era bitartean Umore Azoka ospatuko da Leioan. Bederatzigarren edizio honetan 46 antzezlan desberdin ikusi ahal izango dira, eta hauetatik %80 lehenengo emanaldiak izango dira. Bizkaiko hiri honetako kale eta plazak antzerki adierazpen mota desberdinez beteko dira: txotxongiloak, zirkua, kalejira, umorea, musika eta eskujokoak. Laburpen bezala, azpimarra daiteke Euskal Herriko 17 talde, nazioarteko 12 konpainia eta Estatu espainoleko 17 bilduko direla lau egun hauetan. Leioako Umore Azokak Euskal Herriko eta atzerriko talde garrantzitsuenak biltzeko gaitasuna lortu du. Arrakastaren gako nagusia «beteranotasunaren eta gaztetasunaren» arteko nahasketan kokatu dute antolatzaileek.

Hitzordu honetan estreinatuko diren lanen artean, Euskal Herriko sei estreinaldi egongo dira: «Organik», «Zero Teatro», «Gaitzerdi», «Trapu Zaharra», «Hortzmuga» eta «Malas Compañías». Nazioarteko taldeen artean, bestalde, lehen emanaldiak emango duen bakarra Dinamarkatik hurbildutako «Cikaros» konpainia izango da.

Maiatz osoan zehar, bestalde, Les Maimorables jaialdiaz gozatzeko parada izango da Baionan. Hilaren 3an hasi eta ekainaren 3ra arte iraungo duen egitasmo honek kale musika eta antzerki proposamen desberdinak bilduko ditu hiriburuan. Egitarauko lehenengo ekintza «Mai... photos» argazki maratoia izango da, eta bertan emango diren bost hitzi argazki onenak ateratzen dizkienak irabaziko du lehiaketa. Hilaren 24an, Baionako Batlle Hip Hop lehiaketan bost partaide ibiliko dira dantza mota honen erakustaldian. Jaialdi honen interes nagusia ikuskizunak hiri osoan barrena zabaltzea da, erdiguneko zentralizazioarekin apurtuz.

Biarritzek ere badu bere hitzordua: «Festival de les Arts de la Rue». Hiria eskujokarien eta kaleko ikuskizun eta antzerkien erritmo zoroan murgilduko da bost egunez. Apirilaren 30ean hasi eta maiatzaren 5ean bukatuko da 50 talde baino gehiago bilduko dituen jaialdi hau.

Hurbilago dago Zizurkilgo seigarren Antzerki Astea, datorren astelehenean hasi eta igandera arte luzatuko baita. Ekimen honek kaleko proposamenak eta areto barrukoak nahasten ditu. Joxe Arregi Plazan, esate baterako, «Einstein» eta «Arturello di Popolo» antzezlanak ikusi ahal izango dira astelehen eta ostiralean, hurrenez hurren. Goiko enparantzan, bestalde, «Visa Vis» emanaldia egingo da larunbatean. Biharko Usurbilgo Kale Antzerki Egunak eta Zizurkilgo aste honek emango diote hasiera kale antzerkiz betetako udaberriari. Ondoren, jaialdi desberdinak egingo dira Euskal Herriko hiri eta txoko askotan.

BIZIPEN BEREZIA

Usurbilgo Kale Antzerki Egunaren arduradunek ikuskizun mota honen bizipena berezia dela esan dute, egunero ikusten ditugun lekuak antzoki bihurtu eta ikuslea parte hartzaile egiten delako emanaldiarekin topo egiten duenean.

Arrigorriagako Pailazo jaialdia maiatzaren 8tik 11ra

Jaialdi desberdinetan agertuko dira pailazoak. Hala ere, badute bere-berea dena: Arrigorriagakoa. Aurten hamahiru urte beteko dituen ekimen honek hiria pailazoen munduan murgiltzen du maiatzaren lehenengo hamabostaldian. Ikuskizunak ostiral, larunbat eta igandean -maitzaren 9, 10 eta 11n, hurrenez hurren- bilduko diren arren, hainbat ikastaro eta erakusketa egingo dituzte jaialdiaren gaiarekin bat eginez. Ikuskizunei dagokienez, munduko txoko askotatik iritsitako konpainiak ikusi ahal izango dira Bizkaiko herri honetan. Atzerritik, Argentinako Nanny Cogorno ezaguna, Kataluniako Zihar Circo, Belgikako Abgail Collins edo Ukrainako Ca Mimirichi ikusi ahal izango dira, besteak beste. Euskal Herriko taldeen artean, aurkezpenik behar ez duten Pirritx eta Porrotx pailazioak, Ganso eta Azukillas azpimarra daitezke, besteak beste. I. A.

ESTREINALDIAK

Bederatzigarren ediziora iritsiko da Leioako Umore Azoka maiatzaren 22tik 25era. Aurten, 46 antzezlan desberdin ikusi ahal izango dira hiriko kaleetan, eta hauetako %80 estreinaldiak izango dira.

LES MAIMORABLES

Maiatzaren 3tik ekainaren 3ra Les Maimorables jaialdia egingo da Baionan kale musika eta ikuskizunekin. Ekimenak auzoetara zabalduko ditu antzezlanak, erdigunera mugatu gabe.

Fitxa

I Kale Antzerki Eguna: Apirilaren 12. Usurbil.

Festival de les Arts de la Rue: Apirilaren 30etik maiatzaren 5era. Biarritz.

Umore Azoka: Maiatzaren 22tik 25era. Leioa.

Les Maimorables: Maiatzaren 3tik ekainaren 3ra. Baiona.

Antzerki astea: Apirilaren 14tik 20ra. Zizurkil.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo