Eta zu ze arrain zara?...
Dorleta URRETABIZKAIA | Aktorea eta idazlea
Antzokiko argiak itzali egin dira eta bateriaren bihotz taupadekin batera oihal gorria gora doa... Agertokian, bost eserleku, bakoitzean antzezle bana. Bateria bat, musikaria eta ispilu erraldoi bat. Besterik ez. «... Jaun-andreok: ongi etorriak Antzoki Zaharrera. Tanttakako komedianteek Fidel Santana eta Beatriz Tolaren istorioa antzeztuko dizuegu segidan... »
Ispiluak eserlekuetan eseritakoen aurpegiak itzultzen dizkigu. Nirea, zurea, gurea... Lan aseguru bulego batean gaude eta hortik aurrera, eguneroko gauzak... harremanak, umiliazioak, menpekotasuna, esplotazioa, estresa eta... beldurra. Lana galtzearen beldurra. Hipotekari aurre egiterik ez izatearen beldurra. Kale gorrian geratzearen beldurra. Porrotaren beldurra. Beldurraren boterea. Beldurraren menpekotasuna. Beldurra. Ispiluaren aurrean biluzik jarri gaitu Tanttaka taldeak oraingoan. «Arrain bat?... Ez dakit... nire desio bakarra zakatzak bere horretan mantentzea da, indartsu, sendo eta ongi oxigenatua... Pirañen erasotik libratzea da nire asmoa... Arrainen bazka ez bihurtzea».
Apirilaren 3an estreinatu zen Donostian Tanttaka taldearen azken antzezlana. «Arrainen bazka». Euskadiko Literatura sarietan lehenengo aldiz antzezlan bati saria eman zaion testua da Javier de Dios Lopezena eta Harkaitz Canoren euskarazko hitzetan taularatu du Fernando Bernues zuzendari donostiarrak. Madrilen idazleak bere taldearekin taularatu bazuen ere, lehenengo aldiz ikusi dugu Euskal Herrian. Euskaraz eta gaztelaniaz. Taldeak euskarazko eta gaztelaniazko bi bertsioak aldi berean prestatu ditu eta guztien eskizofrenia eragin duen lan egiteko modu arriskatu eta berri honek, onura handia eragin dio, ez euskarazko bertsioari bakarrik, baizik eta baita Euskal Herriko antzerkigintzari ere. Obraren prozesua bi hizkuntzetan egiteak duintasuna ematen baitio euskarazko antzerkiari.
«... Une batetik bestera, kalera irteten garenean, Beatriz eta Fidel ez dira oroitzapen bat besterik izango... Baita Marcos ere...Eta Carolina...Cesar berriz...Tira, Cesar... Non ibiliko ote da?... Zabiltzate tentuz: ez zaigu pirañak elikatzen jarraitzea komeni...». Oihal gorria behera doa, bateriaren bihotz taupadak isildu egin dira eta txaloen aurretiko isiltasunarekin batera galdera dator... eta zu ze arrain zara?