GARA > Idatzia > Kolaborazioak

M.A. Zubiria eta J.J. Agirre Mankomunitateko lehendakaria eta Euskara batzordeburua

Sakanako EHEren salaketak direla eta

Aurreko legegintzaldian araudi benetan bitxia ezarri zen Batzordean: euskara taldeko boz bana, eta udaleko boz bana, ponderaziorik gabe. Oraingo araudian boza ukatzen zaiela salatu du EHEk. Jakina. Aurreko sistema erabat desorekatua eta injustua zelako aldatu dugu

Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak ez die zerbitzu zuzenik eman Sakanako udalei urte luzez, udalok milioiak eta milioiak bere esku jarri dituzten arren. Dirua franko eta giza baliabideak jarri dituzten udaletan, Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak ez du prestakuntza planik osatu, ez erabilera planik, ez euskararen ordenantzen jarraipenik... Horren ondorioz, euskararen erabilera geldialdi kezkagarrian dago Sakanan, datu guztiek erakusten dutenaren arabera, eta euskaldunon eskubideak bermatzeko bidean aurrerapausorik apenas eman da urteotan. Egoeraren aurrean, Altsasuko Udalak adibidez, gutxieneko zerbitzua emateko eskaria egin zuen behin baino gehiagotan, baina ezezko biribila eman zion Batzordeak aurreko legegintzaldian. Etxarriko, Irurtzungo, Olaztiko, Ziordiko, Bakaikuko eta beste udalerri batzuetako ordezkariek ere, zerbitzu falta salatu dute. Mankomunitateko lehendakaritza aldatzearekin batera, egoera horri aurre egiteko aldaketak egitea ezinbestekotzat jotzen dugu, eta horretan ari gara. Lehen proposamena, aurreko legegintzaldian aldatu zenaren ordez, araudi berria aurkeztea izan da. Araudi proposamena beste talde politikoei lehenik, eta Euskara Batzordeko partaideei aurkeztu zitzaien ondotik. Gerora, denbora tarte zabala egon da proposamenak nahiz helegiteak aurkezteko.

Aurreko legegintzaldian araudi benetan bitxia ezarri zen Batzordean: Euskara Taldeko boz bana, eta Udaleko boz bana, inongo ponderaziorik gabe. Oraingo araudian, aldiz, bozkatzea ukatzen zaiela salatu du EHEk. Jakina. Aurreko sistema hori guztiz desorekatua eta injustua zelako aldatu nahi izan dugu, ondoko printzipioak oinarri hartuta: bozaren balio objektiboa eta ordezkaritza sistemaren funtsa; batzorde kontsultiboetan, ezagutzen ditugun beste guztietan, erabili ohi den funtzionamendu eredua; aniztasuna eta beste gizarte eragile batzuk erakartzeko ahalegina.

Edonola ere, herritarrek udal ordezkarien esku jarri dute erabakiak hartzeko ardura, EHEri emaitzak gustatu zein ez. Udal ordezkariek, noski, euskalgintzako eragile ezberdinen iritzia aintzat hartu behar dute; baita beste gizarte eragile guztiena ere. Euskalgintzako zenbait taldek, aldiz, aurkeztutako helegiteetan beraientzat soilik eskatu dute boto eskubidea, ez beste gizarte esparruetako ordezkarientzat.

Gogora ekarri nahi genuke, Euskara Batzordea kontsultiboa dela. Ez du erabakitzeko ahalmenik. Iritziak trukatzeko eta udal ordezkarien eta gizarte-eragileen arteko harremana gauzatzeko sortutako gunea da. Euskalgintzako taldeen parte-hartzea oso garrantzitsua da, baina lehendakaritza aldatu den arte oso gutxi izan dira normaltasunez eta eraginkortasunez parte hartu duten taldeak, beren aldeko boto sistema bitxia erabiltzeko aukera izan duten arren. NaBaik Mankomunitatean gehiengoa eskuratu duenetik ordea, euskara talde orok hartu du parte Euskara Batzordean eta talde berri bat edo beste sortu da gainera. Edonola ere, gure ustez, talde horien parte-hartzea bezain garrantzitsua da ikastetxeen parte-hartzea lortzea, bai eta beste esparru batzuetako ordezkariak erakartzea ere, direla merkatariak, kirol taldeak, langileen ordezkariak, enpresarienak... Eta jakina, udal ordezkarien parte-hartzea eta inplikazio zuzena funtsezkoak dira; alkateak badira hobeto, ordezkari horiek baitira udaletan eta herrietan hizkuntza politika garatzeko ardura nagusia dutenak.

Araudi berriarekin ere, euskara da eta izango da Euskara Batzordearen lan hizkuntza. Horri dagokionez, kezkagarria iruditzen zaigu udal ordezkari batzuek eta Sakanako EHEko kideek agertzen duten jarrera zurruna, Mankomunitateko Euskara Batzordera mugatzen dena gainera; oso sarri ikusi izan baitugu diskurtso hori haizatzen duen hainbatek zein hizkuntza erabili ohi duen batzordetik edo bilkura instituzional zehatzetatik at. Bestalde, aurreko legegintzaldian agerian geratu zen bezala Mankomunitateko Euskara Batzordea hilero biltzeak ez du ezertxo ere bermatzen. Areago, Sakanako herrietan euskara batzorde zabal eta anitzak osatzea eta abiaraztea zinez garrantzitsuagoa da; zailagoa ere bai, noski. Euskarari lehentasuna eman behar zaio mankomunitatean, bai, baina batez ere udalerrietan, horietan bizi baitira Sakanako herritarrak. Orain arte jasotako emaitza urriek zerbait erakutsi behar ligukete, bada.

Araudi berria Sakanako euskalgintzako kide askoren iritzia aintzat hartuta osatu da. Aurrekoaren aldean zabaltasunaren eta aniztasunaren aldeko apustua nabaria da, EHE iritzi berekoa ez bada ere. Azkenik, azpimarratu nahi genuke EHEren zenbait ekimen desegokitzat jo arren, ez genukeela EHE euskararen etsaitzat joko, adibidez, eta desadostasunak plazaratzeko orduan, beraiek baino modu samurragoan jokatzen ahaleginduko garela, bai kalean, bai Batzordean. Izan ere, euskaldunon arteko harremanak errespetuz bideratzen ez baditugu, alferrik izango dira batzordeak, araudiak eta legeak oro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo