Sortzen Ikasbatuaz, buru-belarri Euskal Curriculuma osatzen
Ekainaren 21ean egingo da Euskal Curriculuma osatzeko Batzar Nazionala. Egunotan Sortzen Ikasbatuaz, gainerako eragileak bezala, Curriculum Espezifikoa osatzen dabil, eta ildo horretan dei egin die ikastetxe eta irakasleei egitasmoaren azken txanpan parte har dezaten. Proiektu estrategikotzat jo dute eta Euskal Herriarentzat zein eskola publikoentzat garrantzitsua dela nabarmendu, izan ere, «Euskal Herri osorako baliagarria izango den marko pedagogikoa» eskainiko baitu.
Maider EIZMENDI |
Euskal Eskola Publiko Berriaren aldeko Sortzen-Ikasbatuaz elkarteko kideek Euskal Curriculuma eraikitzeko prozesuak duen garrantzia estrategikoa nabarmendu, eta deia luzatu zieten eskoletako irakasleei eta gurasoei, azken fasean parte hartze aktiboa izan dezaten.
Mila Apezetxea, elkarteko presidenteak egitasmoak eskolentzat zein Euskal herriarentzat duen garrantzia aipatu zuen, bere ustez, prozesu honekin «euskal ikastetxeek izan duten gabezia handienetako bat» beteko baita: Euskal Herri osorako baliagarria izango den marko pedagogiko adostu bat izatea.
Euskal Curriculuma landu dadin, elkarteak ahalegin guztiak egin dituela adierazi zuen, bereziki bi arrazoi aintzat hartuta: «Batetik, eskola publikoetan ezinbestekoa dugulako Euskal Curriculuma; eta, beste aldetik, hain garrantzitsua den egitasmo hau ezin daitekeelako eraiki eskola publikoen sarearen parte hartzerik gabe».
«Gure iparra -jarraitu zuen- Hezkuntza Sistema Propioa eraikitzean eta berau definitzen duten ardatzatzetan dago; ardatz garrantzitsuenetako bat Euskal Curriculuma da, euskararekin batera». Hein horretan, ezinbestekotzat jo zuen eskola publikoen artean Euskal Herri osorako sarea antolatzea, «Euskal Curriculuma bezalako gai estrategikoak eraiki, landu eta aplikatzera begira». Hala, «gaurko administrazio zatikatzaileen gainetik, eskola publikoen arteko harremanak indartzen» jarraituko dutela berretsi zuen. Aipatu zuen, halaber, egitasmo honen eraikuntzan eskola sare eta eragile ezberdinen arteko elkarlanak izan duen garrantzia. «Administrazioetatik gure arteko bereizketa indartu eta sakontzen saiatu dira; gure artean interes kontrajarriak daudela sinetsarazten saiatu dira, publiko/pribatu dikotomian sakontzeko asmoz». Horren aurrean Ikastolen Elkartea eta Euskal Herri osoa aintzat hartzen duten Udalbiltza gisako instituzioekin egindako ibilbidearekin harro daudela adierazi zuten, eta hausnartzeko eskatu zien oraindik beraien jarduera publiko/pribatu dikotomia horretan murgilduta bideratzen duten elkarteei.
Egungo curriculumek eskola publikoetan ez dietela mesede egiten esan zuten. «Curriculum Dekretu ofizialak ez dira kokatzen Hezkuntza Sistema Propioaren bidean. Euskal Herria aintzat hartu ez, eta kasu askotan legeak debeku eta oztopoak ekartzen ditu eskolan bertan geure herria ezagutu eta ikasteko». Hezkuntza formulazioa zaharkituta dagoela uste dute: «Dekretu ofizial hutsetan oinarritzen diren eskolak nekez lortuko dute ikasleak bizitza osorako prestatzea, konpetentzietan eta trebezietan oinarrituriko ikaskuntza ematea, eta etorkizunean erronka izango duten errealitaterako ikasleak prestatu eta formatzea». Horretarako, funtsezkoa jo zuten Euskal Curriculuma, «irakaskuntza praktika osoari buruz hausnartu eta indartu beharreko elementuak zein diren argituko» baitizkie.
Dei egin zien ikastetxe, irakasle eta gurasoei Curriculumaren azken fasean, Curriculum Espezifikoaren eraikuntzan, hain zuzen, parte hartzeko. Eskoletan hasiak dira formazio saioak egiten, baina datozen asteetan gehiago egiteko asmoa dute. Hori guztia, ekainaren 21ean Euskal Curriculuma osatzeko egingo den Batzar Nazionala ahalik eta aberatsen izan dadin.