aizkora Urrezko Aizkora
Itzal handikoei ere heldu zaie lehian hasteko ordua
Etzi eguerdian Sunbillan hiru kanporaketa jokatuko dira. Patxi Mindegia Daniel Vicenteren aurka neurtuko da. Lasak Mugertza izango du aurrez aurre, eta Felix Etxeberriak, aldiz, Luix Txapartegi.
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Urrezko Aizkoran aurrera doaz kanporaketak, eta dagoeneko izen garrantzitsuak agertzen hasiak dira lehiaketa honetan. Joan den igandean Lasaren txanda izan zen, eta asteburu honetan Vicente, Txapartegi eta Mugertza sartuko dira lehian.
Sunbillan jokatuko dira hiru kanporaketa etzi eguerdian, 12.00etatik aurrera. Bertan, Patxi Mindegia Vicenterekin neurtuko da. Txapartegi Etxeberriarekin eta Lasa Mugertzarekin.
Hiru norgehiagoka interesgarri izango dira, beraz, ikusmina ere, handia piztu da, maila handiko aizkolariak izango baitira aurrez aurre. Patxi Mindegiak eta Vicentek jokatuko dutenak oso itxura polita hartu du. Zubietakoa da lehen kanporaketatik aurerra jarraitzen duen bakarrenetakoa.
Miel Mindegiaren semea gazte hasi zen aizkolari lanetan. 18 urte besterik ez zituela lortu zuen Euskal Herriko Bigarren Mailako txapela baina, geroztik, aizkora baztertuta izan du. Badirudi berriro ere gogoz datorrela, nahiz eta oraindik asko falta zaion garai bateko sasoia berreskuratzeko. Hala ere, lan hauek oso egokiak dira, orain arteko kanporaketetan erakutsi duen moduan.
Aurrean, ordea, aurkari zaila izango du, Daniel Vicentek gora egin baitu azken urte hauetan. Otsagabikoarentzat ere lan hauek ez dira txarrak, lan laburretan ere gustura aritzen baita; ikuskizun polita eskainiko dute, bi nafarrek, segurutik.
Etxeberriaren eta Txapartegiren artekoa ere saio ederra izan daiteke. Sunbillakoa da, Mindegiarekin batera, lehen kanporaketatik aurrera jarraitzen duena. Garai batean, Lehen Mailako finaletan ohiko gizona bazen ere, gaixotasun baten erruz, utzi egin behar izan zuen aizkora; orain, ongi eta gustura ari da, lan laburretan, behintzat.
Aizarnakoarentzat, aldiz, lehen kanporaketa izango da hau. Bera ere kolpe handiko aizkolaria da, eta ongi aritzen da lan hauetan. Bera izango da faborito, baina lan egin beharko du nafarra mendean hartzeko.
Lana aldatzen da
Azkenik, Lasa eta Mugertza izango dira aurrez aurre. Hau ere neurketa polita izango da. Legorretakoak bigarren kanporaketa jokatuko du, lehenengoa pasa den igandean gainditu baitzuen. Lan onak egin izan ditu Urrezko Aizkoran, eta aurten ere asmo horrekin dabil.
Mutrikuakoak, aldiz, lehen kanporaketa izango du etzikoa. Joan den igandean Euskal Herriko Lehen Mailan jarraitzeko kanporaketa galdu ostean, garaipen gosez helduko da, eta ahaleginduko da ahalik eta lanik onena egin, eta kanporaketa hau, behintzat, gainditzen. Adituen ustez, Lasa da faborito, baina Mugertzak garaipena lortuko balu ere, ez litzateke aparteko ezustea izango.
Kanporaketa hauetan lana apur bat luzatu egiten da. 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu hasiko dira lanean. Ondoren, tamaina bereko enborra erlojuz kontra moztuko dute. Ostean, zutik, kana-erdikoa erdibitu beharko dute. Azkenik, bi kana-erdiko eta 60 ontzakoa moztu beharko ditu aizkolari bakoitzak.
Kanporaketa honetan aritu behar zuen beste bat Aitzol Atutxa da, baina Bizkaiko txapeldunak jokatu beharrik gabe egingo du aurrera. Joxemiel Peñagarikanoren aurka jokatu behar zuen, baina Beizamakoak aizkora utzi egingo duela iragarri du, zenbait arazo fisiko direla-eta.
Horrek ateak zabaldu dizkio Atutxari, eta hurrengo kanporaketa jokatzeko moduan izango da, hortaz, Jon Rekondoren aurka jokatu beharko du hurrengo asteburuan. Kanporaketa polita izango da, zalantzarik gabe, bi aizkolari gazte izango baitira aurrez aurre. Leitzarrarentzat, lehen kanporaketa izango da, gainera, bi aizkolari hauek, 23 urtez azpiko lehiaketan ere hartuko dute parte.