GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Harri-jasotzea

Irigoienek eta Izeta II.ak apustua egin ahal izateko lehen aukera izango dute

J.L. | DONOSTIA

Ikusmin ikaragarria dago, eta jende asko batuko da bihar arratsaldean Tolosara, Kantabriko tabernara, bertan baitira biltzekoak Izeta II.a eta Aimar Irigoien.

Errezildarrak orain dela bi aste bota zuen desafioa, eta hitz egitera etorriko dela baieztatu zuen. Hala, azken orduko ezusterik ez bada, aiarra Tolosan izango da.

Lehenengo, Izetak, edozeini bota zion desafioa 125 kiloko kubikoarekin, hamar minutuko hiru txanda jokatzeko, eta 10.000 euro bitarte jokatzeko dirutan.

Ondoren, Aimarrek bota zuen berea, eta honek zuzenean Izetari bota zion. 150 kiloko kubikoarekin, hiru hamarrekotara jokatu nahi ziola, eta 30.000 euro dirutan jokatzeko. Apustua, azaroaren erditik, aurtengo urtea amaitu bitarte jokatzeko izango litzateke

Garbi dago jendeak zer nahi duen, bi hauen arteko apustua ikusteko irrikaz baitago, eta desafio hori gauzatzen baldin bada, eta apustua edonon izanik ere, harmailak lepo egongo dira. Zaleek izugarri pozik daude lehia honekin, baina ez dirudi gauzak erraz joango direnik.

Bi harri-jasotzaileek botatako apustuetan, 25 kiloko aldea dago; horrek konpontzeko modukoa dirudi, azken batean, erdibidea ere ez baitago oro aparte. Arazoa, diruaren aldetik etor daiteke, batak nahi duena zein besteak nahi duena oso desberdinak baitira. Bilera, bihar, 18.00etatik 20.00etara izango da

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo