Sega
Aurten lehen aldiz jokatuko da liga bat nazioarteko erara
J.L.| DONOSTIA
Aurten, lehen aldiz, sega liga bat jokatuko dute nazioarteko erara. Orain arte, txapelketak egin dira, baina, aurten, antolatzaileek sei proba puntuagarri jarri dituzte, emakumezko eta gizonezkoetan. 100 metro karratu izango dira mutilentzat, eta erdia, neskentzat.
Parte hartu nahi duenak izena emateko epea zabalik du, eta zabalik izango da apirilaren 25a bitarte. Horretarako, 943 59 33 02, edo 645 72 77 65 telefono zenbakietara deitu beharko dute. Sega librearekin izango da lehiaketa.
Egutegia
Txapelketa honek izango duen egutegia zehaztuta dago, eta jadanik egunak eta tokiak ere eman dira ezagutzera. Lehen saioa, maiatzaren 18an Zerainen izango da. Bigarrena, Igorren, ekainaren 15ean; hirugarena, Tolosan, ekainaren 29an; laugarrena, Asteasun uztailaren 20an; bosgarrena Artean uztailaren 27an, eta, azkena, Oiartzunen, abuztuaren 2an.
Gainera, euskal segalariak Alemanian izango dira maiatzaren 31n eta ekainaren 1ean jokatuko den lehiaketa garrantzitsuan, baita ekainaren 8an Katalunian jokatuko den nazioarteko beste lehiaketa handi batean.