Dozenaka gizon eta emakume immigrante hilda, merkantzia merke gisa garraiatzen zituztenean
Tailandian 54 immigrante birmaniar itota hil ziren kamioi batean, aireztapenik gabe zeramatzatela. Behar gorriak hartaratuta, bizi baldintza pixkat bat hobeen bila zihoazen hildakoak eta beste 47 lagun. Tristea, benetan, baldintza horietan hil izana eta, batez ere, kausa horiek direla-eta. Baina ez zen istripu saihestezina izan. Mundu osoko agintariak bat datoz zenbait gutxieneko etiko onartzean -baita immigranteen egoera lazgarriari esker mozkinak ateratzen dituzten enpresariak ere-; hala ere, ez da inondik ikusten immigrazioari dagokionez, behintzat, politika aldaketarik. Mugak indartzea, gotortzea da erantzun nagusia arazo horren aurrean, eta gizon-emakumeen trafikoari bide ematen diote. Politika horiei eusteak erakusten du XXI. mendeko esklabuen arazo latzak gobernuen lehentasunetan zer toki betetzen duen. Eta gizon-emakume «ilegal» horien heriotza deitoratuko dute denek. Oso adierazgarria da lagun horiek kamioi batean itota hil izana, merkantzia gisa garraiatzen zituzten unean, aireztapenik gabe, balio gutxiko merkantziak ez baitu aireztapenik behar, kontrabandoa baldintza kaskarretan garraiatzen baita. Tristea da, eta mundu antolaketa ero baten erakusle lotsagarria.