Zuberoaren aldeko ekimen ugari egingo dira Oiartzunen egun hauetan
GARA |
Bai Euskal Herriari taldeak eta Oiartzungo Udalak datozen egunetarako hainbat ekitaldi antolatu dituzte Zuberoaren egoera oinarri hartuta. Egitasmoaren leloa «Auzolan bat, herri bat, nazio bat» da eta ekitaldiak gaur, bihar eta datorren ostiralean eta larunbatean egingo dira. Besteak beste, ipuin kontaketak, hitzaldiak eta musika emanaldiak izango dira.
Hala, gaur 20.00etan Oiartzungo Udaleko areto nagusian Xan Errotabeherek haurrentzako ipuinak kontatuko ditu. Beraz, primeran pasatzeko parada izango dute gaztetxoek. Bihar ere ikuskizun horretaz gozatzeko aukera izango dute oiartzuarrek.
Hitzaldia ostiralean
Horrela, larunbatetik datorren asteko ostiralera arte ez da herrian ekitaldi gehiago izango. Egun hartan, 19.30ean Zuberoan euskarak bizi duen egoeraren inguruko bideo emanaldia eskainiko da eta ondoren, gai horren inguruko hitzaldia izango da. «Kako» baserriaren inguruko afera ere mintzagai izango da.
Gauean berriz, herri afaria izango da Giriza elkartean 21.30ean, eta ordu eta erdi geroago, Jean Bordazar, Jean Pierre Luro, Jean-Noel Pinque eta Robert Landaburu abeslariek musika emanaldia eskainiko dute.
Hurrengo egunean, apirilaren 19an, perkusio kontzertua izango da 20.00etan Elorsoro kiroldegian. Bertan, Burrunka taldearen «ufaka zanpala» emanaldia izango da ikusgai.