Zinemako film ospetsuenen etxean egindako bertsioek duten arrakasta
«Be kind rewind»
Hogeita hamarretan dagoen Jack Black da «Be Kind Rewind» filmeko protagonista jostakin eta asmotsua. Hollywood-eko film entzutetsuen etxean egindako bertsioak grabatu eta gero Interneten eskegitzeko egun dagoen joera jaso du filmak. Bideoklubean VHSn grabatuta zituzten film guztiak ustekabean ezabatu eta, dituzten baliabide urriekin, gordeta zituzten pelikula arrakastatsuenak berriro filmatzea erabakiko duten bi lagunen istorioa imajinatu du Michel Gondry-k.
Mkel INSAUSTI | DONOSTIA
Zaila da Michel Gondry zinemagile labainkorraz iritzi osatu bat edukitzea, eta bere filmografia oraingoz laburra gorabeheratsua bezain kontraesankorra da. Gaur egun dagoen asmamen handieneko film zuzendarietako bat da, baina, originala izatearren bere burua etengabeko «tour de force»ra makurtzearen kostuz, ez du xedea beti lortzen. Bere lanak zaharra eta berria borrokan jarri ohi ditu, iraganarekiko maitasun-gorroto harreman baten barruan, eta hausle nahia duten birsortzeak jaiotzen dira borroka horretatik, horrelako zerbait egiteko modukoa bada bederen. Irudimena ere ez da ezerezetik sortzen, eta horrek ezinbesteko egiten ditu kultur erreferentziak, nahiz eta berrikuntzak egiteko bokazioa izan. Bideokliparen eskolatik etorritakoa izanik, benetako kontalari heziketarik gabeko sortzaile funtsean bisualtzat jo izan dute Gondry. Bere bi lehenengo filmak Charlie Kaufman esperimentatzaileak idatzitako gidoien araberakoak izan ziren hein handi batean; frantsesak bakarka idatzitako hurrengo biak, ordea, argudio egitura benetan abangoardiako baten gabeziak aski ahuldu ditu.
Bai «Human Nature» (Giza izaera) nahiz «Eternal Sunshine of the Spotless Mind» (Buru orbangabearen betiko eguzkia) filmek Charlie Kaufmanen marka zuten, batean sexuaz eta bestean maitasunaz hitz eginez, baina bietan ere denbora paradoxak baliatu zituen espeziearen eboluzioaz ironiaz mintzatzeko. Etorkizuneko gizarteak atzean utzi nahi du bere instintuzko edo sentimen zama primitiboa, eta hori norbanakoaren izaera bereizgarria ezabatzearen pareko izango litzateke.
Michel Gondryren maitasunezko esperientzia autobiografiko batean oinarrituta zegoen «La science des rêves» (Ametsen zientzia) filmean, erabat desagertu zen Kaufmanek modu ez kronologikoan garatutako istorioei koherentzia ematen zien loturako ideia, eta honek agerian jarri zituen loturarik gabeko ameskerien eta testuinguruz gabetutako eldarnio surrealisten zale den egilearen kontraesanak.
Horrenbestez, noizean behingo inspirazio zirriboro eta pasarte deslotuekin konformatu beharko du ikus-entzuleak, erabat biribildutako osotasun bat jasotzeko aukerarik izan gabe. «Be kind rewind» (Atzera bil ezazu, mesedez) hau dela eta ez dela, susmoa dut Michael Gondry errealizadorea ideia izugarri on batetik abiatu dela, baina ez duela jakin bere alegia ontzailea maila teorikoaren neurrira garatzen.
Asko dira artean sormenetik edo imitazio mekanikotik dagoenaz gogoeta egin duten film zuzendariak, baina honelako pentsakizunak filmak egiteko lanbidearen alorrera eramateko ordua ere iritsi da. «Be kind rewind» honetan ez da gaitzetsi errealizazio zaharren bertsio berriak edo remake-ak etengabe egiten jarraitzen duen egungo industria, arteak artea imitatzen duela jakinda. Horren ordez, ikus-entzule bakoitzak bere gustuko bertsioa egiteko aukera izateko eskubide demokratikoa aldarrikatu du Gondryk. Beraz, jada ez da aski zinematik ateratzean film batez aritzearekin, lehen egiten zen bezala, baizik eta norberaren ikuspegitik berregitea izango litzateke kontua orain. Ez da hain burutapen xelebrea erabiltzaileek etxean egindako bideoak jartzen dituzten YouTube orriaren gisakoek Interneten duten arrakasta ikusirik. Badira «Star Wars» (Izarretako gerra) eta «The Lord of the Rings» (Eraztunen jauna) etxeko formatuan parodiatzen ausartu diren batzuk ere.
Zinegile ustekabean
«Be kind rewind» filmeko bideozaleak ustekabean sartu dira zinemagintzan, beren bideoklubeko VHS film bilduma ezabatu egin delako, eta suntsitutako materiala berriz hornitzeko Hollywoodeko 80ko hamarkadako titulu horiek guztiak eskura dituzten baliabide urriekin berriro filmatzea besterik ez zaie otu. Non dago «Ghostbusters» (Mamu-ehiztariak) edo «Robocop» filmen etxeko bertsio baten gatza? Ez dakit, izatez ez baitziren film handiak ere izan. Beraz, «Lapurrari lapurreta egin eta Jaungoikoak barre», atsotitzari eutsi beharko.
Nire uste apalean, ez du inolako zentzurik jada egina dagoen film bat berriro egiteak, nahiz industriak nahiz zale xume batek egin. Artea monumentu ospetsuak txotxez, pospoloz edo kakahuete oskolez berregiten tematzen diren erretiratuek egindako eskulan horietara murriztearen baliokide litzateke. Etxean jostatzeko edo ilobei oparitzeko bada, ez zait gaizki iruditzen, baina, lanak metatu eta erakusketak antolatzen dituztenean, balizko zaletasunak erakuskeria kezkagarri maila hartzen du. Casting telebista saioen boladaren pareko da, jada dutxan kantatzearekin konformatzen ez den jendea aurkezten baita talentu berriak aurkitzeko lehiaketa batera, kantari profesionalak lekuz kanpo, baztertuta eta gutxietsita sentitzen diren bitartean.
Ustez garuna urtzen ari zaion indarretxea saboteatzen ahalegindu den artean, magnetizatuta amaitu du Jerryk eta bere lagun onenak, Mikek, lan egiten duen bideoklub zaharkituko film guztiak ezabatu ditu nahi gabe. Bezero bakanei eusteko, filmetako baten «remake» bat egitea erabaki dute biek. Zur eta lur geldituko dira beren egokitzapenak sekulako arrakasta izan duela ikustean.
Gaztelaniazko izenburua:
«Rebobine, por favor».
Zuzendaritza eta gidoia:
Michel Gondry.
Ekoizpena: Georges Bermann
eta Julie Fong.
Argazkia: Ellen Kuras.
Musika: Jean-Michel Bernard.
Antzezleak: Jack Black, Mos Def, Danny Glover, Melonie Diaz, Mia Farrow, Sigourny Weaver, Chandler Parker, Arjay Smith, Quinton Aaron, Irv Gooch.
Herrialdea: AEB, 2008.
Iraupena: 101 minutu.
Generoa: Komedia.
Jack Black también es, en la vida real, un videoaficionado que cuelga sus gamberradas en la red, cuando no pone imágenes a las canciones de su grupo Tenacious D, con el que ya ha realizado dos musicales que permanecen inéditos. Tampoco le podremos escuchar poniendo la voz al héroe animado de «Kung Fu Panda», que nos llegará este verano en versión doblada. Pero la comedia que todos los incondicionales de su humor esperan con ansiedad es «Tropic Thunder», ya que le ha vuelto a reunir con Ben Stiller, otro de los integrantes del grupo de cómicos denominado Frat Pack. Además de esta parodia bélica protagonizará una sátira bíblica, dirigida por Harold Ramis, titulada «The Year One».