Miyazaki, «anime» japoniarraren poeta engaiatua
Disney japoniarra dela esaten duten arren, arras ezberdina da Miyazakiren zinema. Haren maisulanetan ez dago-eta errealitatearen ikuspegi eztiturik. Ez da manikeismo errazean erortzen eta begirune handiz islatu du emakumea. Hala, ez dugu printze ausarten musuen zain dagoen damatxorik aurkituko sekula bere zineman
Iñaki LAZKANO | Kazetaria eta Gizarte eta Komunikazio Zientzien irakaslea
Indarkeriaz, lehiakortasun gaixoberaz eta estereotipo sexistez zipriztindurik daude marrazki bizidun japoniar gehienak. Dragoi Bola Z, Shin Chan eta Pokemon dira anime zabar eta merke horren paradigma. Gure telebista publikoak ere halaxe atontzen du etxeko txikien bazka. Zaramaren artean bada lilirik, ordea. Hayao Miyazakiren animaziozko zinema, kasu. Kurosawa maisuak «egile handi» bataiatu zuen zinemagile beteranoak, hain justu, «Gake no ue no Ponyo» lana filmatu berri du eta udan estreinatuko da Japonian. Ponyo arrain-printzesa da filmeko protagonista. Gizaki bihurtu nahi du Ponyok eta, desira hori betetzeko, Sosuke haurraren laguntza izanen du.
Isao Takahata lagun minaren alboan eman zituen lehenengo urratsak animazioaren esparruan. «Heidi» (1974) eta «Marco» (1976) telesail ahaztezinak egin zituzten elkarrekin. Haien ilusioek, baina, ekoiztetxe hanpatuen diru gosearekin egin zuten tupust behin eta berriz. Ekoiztetxe zitalen diktadura saihestuz, Studio Ghibli sortu zuten 80ko hamarkadan. Bertan irudikatu dituzte amets ederrenak. Miyazakik, besteak beste, «Tonari no Totoro» (1988), «Mononoke Hime» (1997) eta «Sen to Chihiro no Kamikakushi» (2001) zirraragarriak zuzendu ditu. Takahatak, bere aldetik, «Hotaru no Haka» (1988) melodrama hits bezain aparta.
Disney japoniarra dela esaten duten arren, arras ezberdina da Miyazakiren zinema. Haren maisulanetan ez dago-eta errealitatearen ikuspegi eztiturik. Ez da manikeismo errazean erortzen eta begirune handiz islatzen du emakumea. Hala, ez dugu printze ausarten musuen zain dagoen damatxorik aurkituko sekula bere zineman. Miyazakiren heroiak emakumezkoak dira beti. Haurrak edo nerabeak. Ezarritako sistema makurraren aurrean matxinatu egiten direnak. Halakoxeak dira Nausicaa eta Mononoke. Baita Herrialde Miresgarriaren ahutzetan -Lewis Carroll-en Alize legez- galdu den Chihiro. Walt zaharraren ipuinetan ez bezala, bilaurik ez dago Miyazakiren filmetan. Maisu japoniarraren unibertsoa ez da-eta zuri-beltza. Koloretsua baino. Urrezko txanpon artean bainurik hartzen duen Gilitorik ez dago. Diruak ez baitu baliorik bere erresuma panteistan. Balioak dira baliotsu. Ez, ordea, familia amerikarraren balio tradizional kerratuak. Naturaren ederra, adiskidetasunaren xarma eta elkartasunaren fereka baizik. Irudimen kolpez gatibatzen baitizkigu bihotzak Miyazakik. Samurtasunez. Fantasiaz... Jakin bai baitaki ametsak ehuntzen dituzten marrazki bizidun xalo eta engaiatuekin soil-soilik esna daitekeela haurren esperantza.