GARA > Idatzia > Pilota

berezkoak Binakako Txapelketa

Sorhuetek eta Ezkurrak eskuetan dute multzoko lehen postua, bai eta finalerdiak jokatzeko txartela ere

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Berezkoen Binakako Txapelketako lehen faseko azken bi partidak jokatuko dira asteburu honetan. Gaur, Maulen izango da lehenengoa, eta etzi Senperen azkenekoa.

Maulen, Glaria trinketean, 18.30etik aitzina Etxeberri eta Kurutxari Sorhueten eta Ezkurra II.aren aurka neurtuko dituzte indarrak.

Lehian arituko diren bi bikoek dute finalerdiak jokatzeko aukera, baita kanpoan geratzekoa ere. Sorhuetek eta Ezkurrak irabazi egin zuten lehen partida Ibarrolaren eta Ozafrainen aurka. Etxeberrik eta Kurutxarik ere partida bat dute jokatuta, eta haiek ere Ibarrolaren eta Ozafrainen aurka jokatu zuten, baina galdu egin zuten.

Beraz, gaur Pausukoak eta Urruñakoak garaipena lortuz gero multzoko lehenengoak izango lirateke, eta Ibarrola eta Ozafrain bigarren. Biak sartuko lirateke finalerdietan.

Etxeberrik eta Kurutxarik garaipena erdietsiko balute, hiru bikoak puntu batekin geratuko lirateke, eta orduan tantoak kontatu beharko lirateke. Hala ere, inork gutxik uste du hori gertatuko denik, Etxeberrik eta Kurutxarik egin zuten lehen partida ikusita ia ezinezkoa ematen baitu gaur Sorhuet eta Ezkurra mendean hartzea.

Pausoako aurrelaria sasoi onean dago. Bakarkakoan hirugarren amaitu zuen, eta Binakakoan ere gogotsu hasi da. Paxkal Ezkurra, berriz, egungo pilotaririk onenetakoa da, nahiz eta duela urtebete zuen freskotasuna eta maila ez duen lortu. Lehengo bera izan ez arren, maila handia izaten jarraitzen du. Atzetik ederki gidatzen du aurrelaria, eta berari kintzeak egitea zaila izango da. Beraiek aterako dira irabazteko faborito, eta horrela ez izatea ezuste ikaragarria izango litzateke.

Senpere

Etzi Senperen jokatuko da lehen faseko azkeneko partida, baina dena erabakita dago. Idiart-Waltari Larretxea-Etxetoren aurka neurtuko dira. Bi bikoteek jokatu duten partida irabazi dute, eta finalerdietara sailkatu dira. Multzoko lehen postua dago bakarrik jokoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo