EOSen entsegua izango da, bihar, hurrengo Miramongo Matinearen protagonista
GARA | DONOSTIA
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa (EOS) datorren astean Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan Pablo Gonzálezen zuzendaritzapean eskainiko duen abonu-programarako entseguetan murgildurik dago egunotan. Entsegu horietako bat, bihar 11.00etan egingo dena, Miramongo Matineak zikloaren egitarau barruan egingo da. Izan ere, EOSen abonu-programa baten entsegua entzuleen interesa biziki pizten duen klasiko bilakatu da jada ziklo honetan, antolatzaileek azaldu dutenez.
Bihar EOSen Miramongo egoitzara hurbiltzen direnek datorren asteko kontzertuen bigarren zatian entzun ahal izango den Mahlerren 5. Sinfoniaren entseguaz gozatzeko aukera izango dute. Aurreko sinfoniak artistaren barne-munduaren introspekziorako saiakera ziren, sinfonia hau, berriz, «Mahlerrek bere burua kanpotik, distantzia harturik, begiratzeko egindako saiakera da», Stefano Russomanno musikologoaren hitzetan. Sinfonia hau ez da arrotza publikoarentzat, aski ezaguna egin baitzen, baita musika klasikotik at ere, honen Adagiettoa 1971an Luchino Viscontik zuzendu “Heriotza Venezian” filmeko soinu-ban- daren zati bihurtu zenean.
Pablo González maisuak iaz ere zuzendu zuen EOS, honen 25. urtemuga zela-eta antolatutako “Romeo eta Julieta” familiarteko ikuskizunean. Abonu-programa hau zuzentzearekin bat egiten du beren goranzko ibilbideak musika-panoramaren abangoardian kokatzen dituen zuzendari eta bakarlariek osatu belaunaldi berriarekin.
Bere presentziari beste hauek gehitu behar zaizkio: jada abonu-denboraldian izandako Arcadi Volodos, Andres Orozco-Estrada, Kristjan Jrvi, Ekaterina Gubanova edo SoYoon Young, eta laister izango diren Martin Helmchen, Han Na Cheng eta Tugan Sokhiev.