EHE: «Apirilaren 6an oso urrats garrantzitsua eman genuen»
Urratsez urrats Euskal Herria euskalduntzea lortuko dutela ziurtatu zuten EHEko kideek joan den igandean Atarrabian izan zen Hizkuntza Eskubideen Egunaren atarian. Ekitaldien balorazioa egin dute orain eta, adierazi dutenez, urrats hagitz garrantzitsua eman dute, bilduriko jende andanarekin bidea egiten hasi baitira. «Ibilbide horri jarraitzea besterik ez zaigu geratzen euskaltzaleoi. Auzolanari esker, Euskal Herri euskalduna eraikiko dugu!», baieztatu dute.
GARA |
Euskal Herrian Euskaraz-ek hagitz ongi baloratu du Hizkuntza Eskubideen Eguna. Urtez urte helduz joan den egitasmoa da euren ustez, euskararen normalizazioa lortzeko eta hizkuntza eskubideen bermea exijitzeko helburuarekin egina. Ehunka euskaltzale batu zen igandean jaialdira, eta beraiek eskainitako euskaraz bizitzeko grina eta gogoa bueltan bidali nahi die orain EHEk, Euskal Herri euskaldunaren eraikuntzan indarrak metatzen jarrai dezaten.
Hizkuntza Eskubideen aldeko Nazio Bilkura egin zuten bosgarren aldiz, eta bi ardatz nagusiren inguruan mintzatu ziren. Batetik, egungo hizkuntza politikek martxan diren hainbat proiekturi nola eragiten dien izan zuten aztergai. Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioko lehendakari Koldo Tellitu, eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakari Jon Bollar izan ziren mintzakide. Bakoitzak bere esparruan, egoera kokatu eta bidean izaten dituzten trabak agertu zituen.
Bestetik, «oztopo eta trabak besterik ekartzen ez dituzten hizkuntza politikak» zalantzan jarri eta aurrera begira egoera iraultze aldera, beharrezko neurriak mahaigaineratu zituzten . Eulate Zilonizaurrekoetxeak azaldu zuen EHEren gogoeta. «Egun euskaraz bizi eta aritzeko dagoen ezintasuna agerian geratu da; nabarmena da errealitate hori martxan diren proiektu ezberdinetan, euskararen normalkuntza edota eskubideen bermea bilatzen duten egitasmoek lege mugaren bat izaten baitute», azaldu dute EHEko kideek.
Beste hizkuntza politika bat
Talde honen ustez, Estatu frantseseko eta Estatu espainoleko legeek ez dute Euskal Herri euskalduna eraikitzea ahalbidetzen, ez dute Euskal Herri osorako normalizazio proiektu nazionalik gauzatzen uzten. «Euskal Herrian uneotan diren administrazio ezberdinek ere, parametro berberetan egiten dute euren jarduna eta, beraz, euskararen normalizazioa ez diren bestelako xede batzuk dituzte», azaldu dute.
Euskarak berehalako aldaketa behar duela uste dute. «Bizi dugun egoera denboran luzatuz gero, Europako hizkuntza zaharrenetariko baten galera biziko dugu», ohartarazi dute.
«Euskarak, beraz, hizkuntza politika berri bat behar du, Euskal Herri osorako izango dena eta eskubideen bermean oinarrituz, bere normalizazioa bilatuko duena», jarraitu dute.
Politika horrek «ezinbesteko bost neurri izan beharko lituzke ezaugarri»: euskara berezko hizkuntza izendatuko luke, «Euskal Herria euskararen herria delako eta euskara delako Euskal Herriko berezko hizkuntza bakarra»; euskara ofiziala izango litzateke lurralde osoan, «hori baita bere normalizaziorako eta hizkuntza eskubideen bermerako eman beharreko lehen urratsa»; lehentasunezko hizkuntza izendatuko luke, Euskal herritar guztiek ezagutu beharrekoa, eta hizkuntza eskubideak herrialde osoan onartuko lituzke.
«Euskaldunok izan behar dugu euskararen gainean erabaki, antolatu eta garatzeko arduradunak; Euskal Herriarentzat eta euskararentzat subiranotasuna behar dugu»
«Euskal Herri euskaldunaren eraikuntzan hamaika proiektu daude martxan. Horien adibide dira igandean mintzagai izan genituen UEMA eta ikastolak»