GARA > Idatzia > Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Ondarroatik Arrasatera

Zalditik astora», esaten dugu okerretik okerragoa doanaren ibilbideaz. EAJren ibilbidea hizpide, ordea, gaztelaniaz ideia hori adierazten duen lokuzioaren pareko bat egokia izan liteke, «de Guatemala a Guatepeor» dioenaren parekoa, alegia: «Ondarroatik Arrasatera».

Zalditik astora egin zuen Parlamentu espainiarrerako hauteskundeetan, hartu zuen muturrekoa aurreko udal eta foru hauteskundeetan hartutakoak iragartzen zuen baino handiagoa izan baitzen; eta PSOEren baimenarekin bideratu behar dituen negozioetan ere ez dabil arrakastatsuegi. Baina alderdi jeltzaleari lokuzio berria ez dagokio arlo politikoan, etikoan baizik.

EAJk Ondarroako Udalean izan duen jarrera legezkoa da, baina ez oso etikoa, ez baita etikoa lege bat arbuiatu eta lege horren ondorioez baliatzea. Beste alderdiekin duen jarrera ere legezkoa da beti eta beti (ezker abertzaleko alderdiak araua berresten duten salbuespena dira), baina sarritan ez da etikoa izaten. Neurtzeko bi kana desberdin erabiltzea ez baita batere bidezkoa; ezta, beraz, etikoa ere. Norberaren etika diskriminatzailearekin bat ez datorrenak ezin du udalik kudeatu... baldin, eta baldin soilik, ezker abertzalekoa bada. Etika eta hipokrisia ez dira oso bateragarriak.

Etika omen du-eta oinarri alderdi horren proposamenak. Egunaren araberakoa: atzo etikoa zena gaur ez da, negozioetan -eta hori kontu serioa da- eragin kaltegarria baldin badu. Ez da harritzekoa, etika eta negozioak ere, praktikan, ez dira-eta bateragarriak izaten.

Gaitzespenak gorabehera, mozio horrek dioena eztarria urratu arte esana du ezker abertzaleak, baita horrekiko koherentziaz jokatu eta beste inor ez bezala arriskatu ere. Baina testuinguru zabalago baterako baino ez da baliagarria, eskubide guztiak eta guztienak bermatzeko akordiora jotzeko, alegia. Mozio horrek, testuinguru honetan, gatazka bateko eragile baten biolentzia gaitzesten du eta ontzat jotzen ditu gainerako guztiak. Estatu espainolarentzako txeke zuri bat, EAJrena bezalakoa, eskatzen du. Mozio hori etika interes politiko eta ekonomikoen mende jartzea da.

Izan ere, Arrasatera orduko okerrera egin du EAJk arlo etikoan. Eta estetikoan ere bai, haren jokabidea itsusi samarra baita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo