GARA > Idatzia > Jo puntua

Xabier Silveira Bertsolaria

Bertsolaritzaz, lau hitz, lau

Nork eragin du maiz edo oso maiz bertsoak entzuten dituenak bere burua bertsozaletzat ez hartzea? Benetan ez ote gara konturatzen bertsolaritza bertsozaleetatik gero eta gehiago urruntzen ari garela?

Lehenengo aldia da inor haserrarazi nahi izan gabe idazten dudana. Eta norbait haserratuko den erabateko zihurtasuna dudan lehen aldia da, ere bai. Baina, hor ez dago bueltarik, «sutan jartzian probatutzen da nolakoa den eltzia».

Euskal Herriko ezkertiar abangoardia kulturala izan behar lukeenari buruz nator kontura, kantura joatea izan ezik edozer gauza izan daitekeen jolas prostituitutako baten harira. Subentzioetatik bizirauten duen arte esparru txalotuenak jasaten duen tratu txar etengabeak ekarria, akerrari jarriko diot uztarria. Haundinahiak ekarri gaitu egun hauetara, sagardotegietatik antzokietara; ez gu garena eta daukaguna onartuko bagenuke. Nondik gatoz eta nora goaz; tontakeriak! Nor gara? Zer gara? Hori da garrantzitsuena.

Arabako txapeldunari irakurri nion bertsolaritza profesionalegia zela berak bere burua Euskal Herriko txapelketa nagusian lehian ikusteko. Esan nahi zuenean izan ezik, beste guztian arrazoi, Otamendik. Benetan desiatzen dena lortzeko jaioak garela uste duen hoietakoa naiz, ataka gainetik jauzi egin zalea, alegia. Baina ataka gainetik salto egiteko txartelak txiringito batean banatzen badira... Balitz eta balira.

Dagoena dagoen bezala mantentzea helburu duenari nola deitzen zaio? Ba hori. Eta bitartean, banintz eta bagina.

Hamarnaka liberatu hamar izen zehatzi soldata duin bat ordaintzeko. Katea ez da eten. Nola bada? Ogi gehiegi dago jokoan ezer eteteko. Galdetu bestela Vital, Kutxa, Cajanavarra eta BBK-n, galdetu! Katea. Kate motza. Eta ez, egia da, ez da eten. Baina nola etengo da ezer sistemaren aurka mintzo eta hamar izenetako bat izatea helburu duena bada oposizio bakarra? Berak asko nahi eta ezin sufritu besteak daukan apurra. Eta zergatik? Zergatik ez dute entzuleen txaloek «adituen» edo epaileen iritziarekin inongo zerikusirik? Nor da inor zaleari bertso onaren kontzeptua inposatu nahi izateko? Nork eragin du maiz edo oso maiz bertsoak entzuten dituenak bere burua bertsozaletzat ez hartzea? Benetan ez ote gara konturatzen bertsolaritza bertsozaleetatik gero eta gehiago urruntzen ari garela? Edo hori da bilatzen duguna eta horretarako egiten dugu lan? Haurren galderak izaten dira erantzuteko zailenak. Eta erantzun nahi ez ditugunak. Karramarroak ez bait dira atzeraka ibiltzen, aurpegia bizkarrean dutela jaiotzen dira, gizajoak!

Pelota eta bertsoa maiz erabiltzen dira konparazioak egiteko, eta bai, egia da, amankomunean gauza piloa daukate. Gogoratzen duzue pilota enpresa bakarra zegoenean nolakoa zen pilotaren mundua? Egoera hura desagertu zenetik ia urtero txapeldunak aldatzen dira, gazteak etengabe ateratzen dira... Baina negozio puta bat bertzerik ez da pelota. Bai, egia da, parekotasun pila bat daude bi herri kirol hauen artean. Direna ezin onartua, lehenengoa.

Baina, azpikoak hanka bat aurpegian izatearen plazerra sentitzen duen bitartean, beti izanen du norbait gainean, ezta?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo