Adierazpenak
Txurruka: «Hain hurbil izan dugu garaipena!»
GARA | GASTEIZ
Ez zen esprinteko aurrena, baina tropela azken metroetan gainetik pasatu ostean, penatan zen Amets Txurruka. Bere izenari ohore eginez «garaipenaz amets» egiteko astia izan ei zuen Etxebarrikoak, eta azken txanpan zapuztu zen guztia.
«Pena handia ematen du honek. Poza esku-eskuan geneukan. Hain hurbil ikusi dugu garaipena, non amets egiteko aukera ere izan dugun. Gainera, halako lasterketa batean irabaztea, are gehiago etxean izanda, garrantzitsua izango zen. Azken metro horietan ez nuen atzera begiratu ere egin nahi. Dena eman dugu, baina ezinezkoa izan da».
«Hasierako kilometroak oso gogorrak izan dira. Genuen guztia emateko prest atera gara, eta guztiok saiatu garenez ihesaldian, bada, gaur ¯atzo¯ neuri tokatu zait», azaldu zuen txirrindulari bizkaitarrak.
Joan den Tourreko txirrindularirik borrokalarienak iheslariak helmugara «ezustean» iritsi zirela aitortu zuen. Tropela hurbil zutela ikusita, «azken ahalegina» egitea deliberatu ei zuten azken kilometroetan.
«Behin ihesaldia eratu ondoren, ongi konpondu gara amaierara arte. Azken kilometroetan indarrez nahiko justu genbiltzan; egia esan, kide bat atzean geratu zaigu gainera, baina besteok ahal genuen neurrian aurrera egitea erabaki dugu, ea helmugara iristen ginen».
«Zaldiaran pasatu eta gero abantailari eutsi diogu, eta azken indarrak bertan utzi behar zirela, garaipena hurbil ikusten genuen-eta. Nik neuk Lottoko Lloyd ikusten nuen indartsuen. Nire plana bere gurpilean jarri, eta bera aurreratzen ahalegintzea zen. Azkenerako ez nuen atzera begiratu ere egin gura, baina azkenik tropelak irentsi egin gaitu», amaitu zuen, penaz, Etxebarrikoak.
Kirchenen garaipen gazi-gozoa
High Road taldearentzat Euskal Herriko Itzulia aparta izaten ari da, Kim Kirchenekin dagoeneko bi garaipen lortu dituzte-eta. Baina atzokoa garaipen gazi-gozoa izan zen Luxenburgokoarentzat, bere taldekide Morris Possoni, hirukote iheslariko esprintean bizkorrena, helduera marran gainditu zuelako.
«Garaipen hau ez da hain gustukoa eta, hargatik, Possoniri eskaini nahi diot. Sentitzen dut, baina topera gentozen esprintean, eta ezin izan naiz gelditu».
Saunier Duval ez da aste ez batere ona izaten ari. Iker Camañok uste du baduela aukerarik. Dena den, bere taldearentzat. «Astana indartsu dabil, baina Orioko igoera eta erlojupekoa falta dira. Han erabakiko da Itzulia», azaldu zuen.