Sonia Gonzalez Idazlea
Eta orain boikota
Adibidez, Nike edo Adidas multinazionalek batere lotsa barik esplotatzen dituzte umeak eta andreak Txinan, Kanbodian, Thailandian edo Indonesian zapatilak produzitzeko. Baina inork ez du boikotera deitzen
Eta orain Olinpiar Jokoei boikota egingo dietela diote... Ezer baino lehen, eta dena argi gera dadin, esan behar dut Tibeten inguruan ezer gutxi dakidala, denon antzera, baita egunkari, irrati eta telebistetan Txinaren errepresioaren aurrean espantuak egiten dituztenen antzera ere, baita mundutik zehar manifestazioetara irteten diren horien antzera ere.
Zeren eta Tibeten inguruan jakiteak ez baitauka zerikusirik Richard Gere budista omen dela, Brad Pittek «7 urte Tibeten» pelikula egin zuela edo Mecano taldeak Dalai Lamari eskainitako abestia daukala jakitearekin. Baina, alde batetik, ezin ukatu batzuok, behintzat, kezkatu garela zerbait gehiago ikasteaz herri horren inguruan, hala nola, tibetarrek egun osoan lan egin behar zutela, %70 lur jabeei emateko; 626 lagunen esku zegoela ondasunen %93, egunkarietako argazkietan santu itxuraz agertzen den Dalai Lama hauxe herrialde osoaren eta biztanle guztien jabe zela, eta, horretaz gain, 6.170 morroi eta 102 esklabo zituela, umeak erosi eta saldu egiten zirela eta emakumeak erretzen zituztela «sorginak» izateagatik... Iritzi publikoaren aurrean Tibet eta Dalai Lama beti agertu dira mugimendu espiritual, mistiko eta bakezale moduan. Baina, zer pentsa genezake Bushen «lagun mina» den pertsonaia bati buruz? CIAren beraren edo Atzerri Ministerioko bulegoen bitartez, lider «espirituala» zuzen-zuzenean eta Tibeteko «altxamenduak» ordaintzen badira? Azken kasu honek ere ez du ematen kasualitatez suertatu denik, justu-justu Olinpiar Jokoak hasi orduko.
Txina deserosoa da aspalditik munduaren -eta diruaren- jabe izan diren Estatu Batuentzat, eta deserosoa da AEBrekin lehiatzeko gero eta gehiago prestatzen den Europako Batasunarentzat ere. Beste batzuek arropa eta jostailuak egiten badituzte bertan -askoz merkeagoa delako-, zergatik ez ekoiztu eurek zuzenean? Ordenagailuak, sakelako telefonoak, kamera digitalak, etxeko tresna elektrikoak, arropa... Orain «Erraldoi txinatarra» deitu ohi diote. Ondo zegoen enpresak bertara eramatea mendebalekoentzat errentagarria zenean, baina ez omen du hainbeste molatzen mendebalari konpetentzia egiteko eta hauen diruaz geratzeko prest agertzen denean erraldoi hori. Bazenekiten AEBetako IBM enpresaren ordenagailu atala Lenovo enpresa txinatarrak erosi zuela?
Adibide bat, kirolarekin jarraituz, Nike edo Adidas multinazionalek batere lotsa barik esplotatzen dituzte umeak eta andreak Txinan, Kanbodian, Thailandian edo Indonesian zapatilak produzitzeko. Ondo da hori, horixe baita «munduaren oreka». AEBetan ez da manifestaziorik antolatzen, Richard Gere ez da egoera salatuz telebistan irteten, inork ez du boikotera deitzen. Olinpiar Jokoetan bertan Li-Ning marka txinatarrak asmoa dauka Adidas eta Nikeren produktu berdinak promozionatzeko eta merkatuko nagusitasuna borrokatzeko. Horrexegatik ez zaio inori zail egiten boikotera deitzea, azken batean, ekialde osoaren oreka -eta komunikabideak, manifestazioak eta Hollywood maneiatzen dituztenen oreka ekonomikoa- kolokan jartzen ari dira.
Eta, aktan jasota gera dadin, ez dezala inork pentsa artikulu hau Txinaren apologia izan denik. Inondik ere ez.