Soin Heziketaren aldeko Taldeak Lakuako Hezkuntza Sailaren «ardura eza» salatu du
GARA |
Soin Heziketaren aldeko Taldeak, SOHATek, agerraldia egin zuen atzo «Hezkuntzarik ez heziketa fisikorik gabe» jardunaldien barruan, Hirukoak soin heziketaren auzian agertu duen «interes eza» salatzeko. Azaldu zutenez, otsailean egindako grebaren arrakastaren ondotik, Lakuako Hezkuntza Saileko arduradunekin bilera izatea lortu zuten, eta horregatik, «akordioa bilatzeko eta irtenbide adostua lortzeko mobilizazioak alde batera utzi zituzten».
Bileran azaldu zieten ezinbesteko baldintzatzat jotzen dutela «Lehen Hezkuntzan, astean gutxienez, ordubeteko bi saio izatea ordutegian eta, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, beste horrenbeste». Era berean, Soin Heziketaren Behatokia sortzeko proposamena egin zieten, «Hezkuntzako arduradunen aldetik gure ezagutza arloa gutxietsia eta alboratua delako».
«Luze eztabaidatu ondoren, ikastetxe bakoitzari ikasturteko gomendioetan Gorputz Hezkuntzari bi saio eskaintzearen aldeko gomendioa egingo ziotela erantzun zuten. Norabide beretik doa Legebiltzarrean Hirukoak aurrera atera zuen proposamena -alegia, ikasturte hasieran ikastetxeei gomendioak egitea Europako Legebiltzarrak emandako jarraibideak azaltzeko-, Soin Hezkuntzako ordutegia horrela uztearen aldeko proposamenaren gainean, berdinketa gertatu eta gero», esan zuten SOHATeko kideek.
Lakuaren proposamenak ez dituztela ontzat ematen ohartarazi zuten atzoko agerraldian: «Ahuntzaren gauerdiko eztula bezala dira, Gobernuan dauden talde politikoak soin heziketari saio gehiago ematearen aldeko gonbidapenak egiten, eta bestetik Hezkuntza Saila dekretu-legez arloari %40ko murrizketak ezartzen». Ohartarazi zuten, gainera, orain arte ikuskariek beste alde batera begiratu izan dutela, «arlo honetan ordutegi minimoak betetzen ez zirenean». SOHATek azterlan bat egin du, eta ondorioztatu dutenez, ikastetxe erdiek ez dute betetzen gutxieneko ordutegi hori. «Legea indarrean egonda gertatu baldin bada hori, zer gertatuko da soin-hezkuntza arloaren garrantzia azpimarratzeko ikastetxeetara ikasturte hasieran bidaliko dituzten gomendioekin?. Ezer ez, deus, fitsik ere», esan zuten.
Lakuako ordezkariek hezkuntza arloko eragile guztiekin SOHATen proposamena aztertzeko konpromisoa hartu zuen, eta elkarteko kideek ere hori bera egin dute, «euskal gizarteari Hezkuntzako eragile bakoitzaren iritziak ezagutzera emateko». EHIGE, CCOO, Stee-Eilas, LAB, ELA, UGT, BIHE, Sarean, Ikastolen Konfederazioa, Sortzen-Ikasbatuaz eta Kristau Eskolekin elkartu dira, eta arrazoi ezberdinak nabarmentzen badituzte ere, Lakuaren proposamena guztiek gaitzetsi dute. Hezkuntzaren arloko eragile guztien iritziak jakin ostean, Lakuako Hezkuntza Saileko arduradunekin elkartzeko asmoa dutela adierazi zuten SOHATeko kideek, auzi hori behingoz konpontzeko. «Espero dezagun eragile guztien babesa nahikoa izatea Hezkuntza Sailak Dekretuan ordutegi aldaketa txertatzeko», esanez bukatu zuten.