GARA > Idatzia > Kultura

Fernando Morillok intrigaz eta misterioz betetako lan irakurterraza kaleratu du

«Suminaren estrategia» eleberriaren mamia hitz gutxitan laburbildu beharko balu, Fernando Morrillo egileak argi du nola egin: «Edozein tokitan eta trabarik gabe irakur daitekeen thrillerra da».

p056_f01_097x136.jpg

Rebeka CALVO | DONOSTIA

Azkenaldian Fernando Morillo (Azpeitia, 1974) idazleak eskaini dituen hitzaldietan, eskakizun bera egin omen diote: «Intriga eta misteriozko liburu irakurterrazak egin!». Azpeitiarrak eskariak aintzat hartu, eta horixe agertu du «Suminaren estrategia» liburuan. Aurreko lanean, «Seximenduz» (Elkar, 2007), umore gordina zen nagusi; orain, umorea bigarren mailan utzi, eta intrigari eutsi dio.

«Trenean, hondartzan edo beste edozein tokitan irakur daitekeen intrigazko liburu irakurterraza da hau», esan zuen Morillok. Thriller generoan koka daiteke eleberria. Gainera, irakurle espektro zabala hartzen du fisikari eta filosofoak argitu zuenez. «Adin guztietako jendeak irakur dezake arazorik gabe: euskaldun berriek -ez baitute ulertzeko zailtasunik izango- zein zaharrek», azaldu zuen. «Trabarik gabe irakurtzeko lana da», borobildu zuen.

Ohiko thrillerraren osagaiak

«Suminaren estrategia» lanak ohiko thriller generoaren osagaiak biltzen ditu, «pretentsio intelektual-filosofikorik gabe».

Istorioari berari erreparatuta, protagonista nagusia antropologo eta ingeniaria da. Pertsonaia honek ingurukoak esperimentu psikologikoak egiteko erabiltzen ditu; manipulatu egiten ditu helburu zientifikoak aitzakia hartuta, eta, horretarako, «ezohiko egoerak sortzen ditu, erreakzioa ikusteko». Horiek hala, bere semea berreskuratu nahi duen emakume batek eskaera egingo dio protagonistari; diru truke errealitatea alda dezala nahi du, bizi duen egoera errotik aldatzeko. Jolas moduan hartu du liburua egileak, izan ere, istorioa bera jolas baten modukoa da. «Protagonistak ere joko gisa hartuko du eskaera, erokeria hutsa dela uste baitu», esan zuen horren haritik.

Hirugarren pertsonaia bat ere badago tarteko, ez antropologoak, ezta emakumeak ere ezagutzen ez dutena, hain zuzen. Horrek ere errealitatea manipulatu nahi du, baina bestelako helburu batzuekin. «Bi manipulatzaileek ez dute izango elkarren berri hasieran, baina beren manipulazio lanak topo eta gero talka egiten hasiko dira», argitu zuen idazleak.

Morillok, oraingoan, «irakurle eta idazleen kontaktua ezinbestekoa» dela kontutan hartuta, ekintzari eman dio garrantzia, «deskribapen eta barne hausnarketak» atzean utzita. «Kritikarik, hala ere, bada; baina iradoki egiten dut. Intriga hutsa nahi duenak aurkituko du, eta hori baino gehiago nahi duenak, ere bai», esan zuen.

Bere lana ezagutarazteko webgunea abian

Fernando Morillok «Suminaren estrategia» liburuaren aurkezpena baliatu zuen bere webgune sortu berriaren berri emateko.

www.fernandomorillo.euk bere lanaren nondik norakoak ezagutzeko bidea emango du; «neurri batean, irudi publikoa ere badugu, eta, horregatik, garrantzitsua iruditzen zait nire kontuak bertan jasotzea». Era berean, euskal idazleen artean horrelako gutxi dagoela esan zuen; «oso gutxik dute webgunea. Interneten sartu nintzen eta harritu egin nintzen, izan ere, idazle batzuek badute, argitaletxeak berak egina, baina oso gutxi dira».

R.C.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo