GARA > Idatzia > Gutunak

Karmele Aierbe Mujika Euskal preso politikoa, Soto del Realetik

Eskerrik asko Ataungo herriari

Aspaldi kaleratua behar zuen eskutitz honek. Badakizue ordea zein den euskal preso politikoon egoera. Hilabete pasatxo behar dute kanpotik idazten dituzuen eskutitzek gure eskuetara iristeko; guk bidalitakoek, berriz, gehiago. Barkatu beraz berandu ibili izana. Eskutitz honen helburua herritarroi eskerrak ematea da. Atxilotu eta hilabetera izan nuen herrian egin dituzuen mobilizazio eta ekimenen berri eta benetan eskertzekoa da. Herri oso baten laguntza eta beroa jasotzea zoragarria da. Atxiloketaren berri izan orduko, nire lagunak eta semeak jaso duten laguntza eredugarria izan da, nork ez luke pozik hartuko horrelako babesa egoera latz batean?

Semeak herriko etxe guztietako ateak ireki zitzaizkiola aitortu zidanean, zin degizuet, pozez beteriko malkoak isuri nituen. Bat-batean, protesta ekimenak martxan jarri izana, herritarron berotasuna niregana helaraztea, bisita taldeak antolatzea, prentsa iritsiko zaidala ziurtatzea... Hau guztia ezker abertzaleari zor diot. Badakit ezker abertzalearen eginbeharra zela, eta neronek ere beste preso batzuentzako egin nuela, baina orduan ez nion gaur ematen diodan garrantzia ematen. Orain, nire alde egin behar izan duzuen honetan, konturatzen naiz Ataunen talde sendo bat dagoela, emakume eta gizonez osaturiko talde sendo bat, taldeko partaide garenean konturatzen ez bagara ere, beharra sentitzean ikusten den talde horietakoa. Horregatik guztiagatik, bereziki eskerrak eman nahi dizkiot Ataungo ezker abertzaleari.

Egin duzuen lana eta eskaini didazuen laguntzagatik, nire eskerrik beroena guztioi, eta aurrerantzean ere borrokan jarrai dezazuen dei egiten dizuet.

Zuek hortik eta guk hemendik, lortuko dugu! Laster arte!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo