GARA > Idatzia > Pilota

Berezkoen Binakakoa

Asko kosta arren, Sorhuet eta Ezkurra finalerdietan dira

Etxeberrik eta Kurutxarik oso norgehiagoka ona egin zuten Mauleko Glaria trinketean, baina ezin izan zuten beharrezkoa zuten garaipena lortu

p051_f02.jpg

SORHUET-EZKURRA II 40

ETXEBE-KURUTXARI 34

Jon LEUNDA | MAULE

Amaitu da lehen multzoko lehen fasea, eta ez da ezusterik izan. Sorhuetek eta Ezkurra II.a izan dira talde horretako lehenengoak, eta Ibarrola-Ozafrain bigarrenak; beraz, bi horiek jokatuko dute finalerdiko partida. Etxeberri eta Kurutxari, aldiz, kanpoan geratu dira.

Atzo, hala ere, ezustea ez zen izan oso aparte. Etxeberrik eta Kurutxarik garaipena behar zuten finalerdietan izateko, eta alde handiarekin irabazi behar zuten. Ia ezinezkoa zirudien, baina partida ona egin zuten, eta faboritoak estu jarri zituzten.

Norgehiagoka polita izan zen, eta orekatua, berdinketak sarri agertu baitziren markagailuan. Etxeberrik sekulako neurketa jokatu zuen. Botearekin min handia egin zien aurkariari, batez ere Ezkurrari, eta atzean Kurutxarik maila oso ona eman zuen. Beste aldean, Sorhuetek ere partida ikaragarria egin zuen, baina Paxkal Ezkurra aritu zen besteak baino beheragotik. Eskuan arazoak zituen Urruñakoak, eta ez zuen pilota gozatzen; baina Paxkalek, gaizki egon arren, oso huts gutxi egiten ditu, eta oso zaila izaten da bera mendean hartzea, atzo ikusi zen moduan.

Norgehiagoka 34na egon zen berdinduta, eta edonork irabazi zezakeela ematen zuen, baina orduan nabaritu zen Sorhueten eta Ezkurraren eskarmentua. Bikote lapurtarra ere oso gaztea den arren, halako partida gehiago jokatu dituzte, eta hori agerian geratu zen, 34-34 egotetik, ondoz ondoko sei kintze egin, eta partida amaitu baitzuten, eta hala, asko kostatako garaipena erdietsi. Azkenean, multzoko lehenengoak izango dira.

Senpere

Lehen fasea bihar amaituko da Senperen, eta bertan Idiart eta Waltari Larretxearen eta Etxetoren aurka neurtuko dira. Bi bikote horiek eskuetan dute jadafinalerdietan lehiatzeko txartela, eta lasaitasun horrekin jokatu ahal izango dute bihar.

Jokoan dagoena, beraz, multzoko lehen postua eta ohorea izango da, hain zuzen ere, finalerdietan irabazten dutenek eta galtzen dutenek oso partida zailak izango dituztelako.

Garaipena erdiesten duen bikoak Ibarrolaren eta Ozafrainen aurka jokatu beharko du, eta galtzen duenak, aldiz, Sorhueten eta Ezkurraren aurka. Olivier Larretxea eta Thierry Etxeto dira faborito, baina Waltari tarteko baldin bada, edozer gerta daiteke.

Bestetik, herenegun abiarazi zen Baionan Binakako Bigarren Mailako Txapelketa, Kolpa izenarekin bataiatu dutena. Lanbert anaiek lehen kanporaketa gainditu egin dute Bielleri eta Istillarteri 40 eta 36 irabazita. Galtzaileak 30-13 gibeletik aritu ostean, 38-36ra hurbildu ziren, baina hor geratu ziren. Bigarren kanporaketa datorren ostegunean izango da Baionan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo