GARA > Idatzia > Editoriala

Langileen defentsa, jazarria

Atzo Hego Euskal Herriko lau sindikatu nagusiek askatasun sindikalaren aldeko mobilizazioa egin zuten Gasteizen, eta, beraz, Lehiakortasunaren Defentsarako Zerbitzuaren ikerketa bukatutzat emateko eskatu zuten. Izan ere, sindikatuek merkataritzako langileen interesen alde egindako jarduerak ikertzeari ekin baitzion Lakuako Gobernuaren mendeko organismo horrek. Interes horiek, nolanahi ere, xumeak bezain arrazoizkoak dirudite: jaiegunetan lanik egin behar ez izatea.

Sindikatuek salatu dutenez, ikerketa horren atzean sektoreko enpresa handiak daude. Baina, dirudienez, Administrazioarentzat horien presioa zilegi da; eta eraginkorra. Langileek sindikatuen bidez atsedenerako eskubidea defenditzeko egiten dituzten akordioek, aldiz, ikerketa merezi dute. Administrazioaren kontrol estua, alegia. Hartara, Lakuako Gobernuak arazo honen aurrean, beste askotan bezala, multinazionalaren alde egin du, handiaren alde, langileen kaltetan. Lehiakortasunaren Defentsarako Zerbitzuak merkataritza gune handien abantaila nabarmenak bermatu nahi baititu. Bistakoa da amarrua, ordutegiaren liberalizazioa ez baita berdintasuna bermatzea, gune handiei mesede egitea baizik, txikiek ordutegi zabalak jartzeko gaitasunik ez dutela jakinda.

Administrazioek zer eredu ekonomikoren aldeko apustua duten egina ezagutzen ez den kontua balitz, harrigarria litzateke babesgabeenen eskubideak bermatzeko lan egiten dutenen aurka jardutea. Ondo jakina da, ordea, herritarrei zer bizimodu eredu eskaintzen dieten: multinazionalena, merkataritza gune handiena, kontsumoan oinarritutako eredua. Izan ere, horien kontsumo diseinua ez da beharren araberako eskariaren ondorio. Aitzitik, kontsumoa ardatz duen bizimodua sustatzeko saioa da. Aisia bera ere kontsumoari loturik da bizimodu horretan. Eredu horrek, gainera, ez ditu aintzat hartzen langileen eskubideak; areago, eskubide horien defentsan jardutea galarazi nahi du, eta administrazioen laguntza izaten du horretarako. Hortaz, Lakuako Gobernuaren jokaera harrigarria ez da, baina bai salagarria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo