GARA > Idatzia > Txokotik

Maite Ubiria Kazetaria

Ez nuen Ttotto ezagutu

Ez nuen Joselu Geresta ezagutu. Ez dut tratatu ez dudan pertsona laudatzeko ohiturarik, ezta bihotzean bere oroimena gordetzen duten senide eta lagunak iraintzeko ohiturarik ere. Arraro samarra egiten zait inoiz ezagutu gabeko norbait infernura bidaltzeko prest egotea. Arrotz baino, ulergaitza herriko karriketan tarteka gurutzatutako gazte haren bizkarrean, herrikide diren gurasoak funtsik gabe samintzea, hildako guzti-guztiek errespetu bera merezi dutela ahazturik.

Galderak datozkit, bata bestearen atzetik. Zenbat urte joan dira Joxe Arregi ecce homo bilakaturik espantuz ikusi genuenetik? Zeinek -Zizurkilgo hiritarren gehiengoa ordezkatzen ez duen herriko udalbatza horretan- ez du oroimenean gorde argazki hura? Urteak joan, urteak etorri, beste euskal herritar askoren testigantza gordinak entzun ditugu, beste gorputz anitz minduta ikusi ditugu.

Horrexegatik, ez dut ulertzen, ezin dut ulertu, bere burua abertzaletzat duenak biktima guztiek merezi duten duintasuna ukatzea herriak torturaren aurkako ikur bilakatu duen lagunari. «Oso latza izan da» esaldiak dardarka jartzen gaitu oraindik. Udaletxean agindu arren herritik urrun sortu eta bizi direnak baino sentiberago izango ote gara...

Arregiren gorputzak ezin izan zuen itaunketa bortitza jasan. Auzitegi batek errudun ala errugabetzat jo aurretik joan zen. Orain, ordea, alkate eta zinegotzi batzuek epailearena egin, eta haren izena plazatik kentzeko pausoa eman dute. Galdetu al diote beren buruari behingoz, torturatuen oroimena ezabatzeko proposamenak bultzatuz ez ote duten Euskal Herrian tratu txarrak jarraitzeko txeke zuririk ematen?

Institutuan nintzen Arregi hil zenean, unibertsitatean Zabaltza itota agertu zenean; eta kartzelan jaso nuen Ttottoren heriotzaren berri, bere neskalaguna zena ondoan nuela. Berriz esango dizuet, ez dut ezagutu ez dudan pertsona goraipatuko, baina ahazmenaren amildegira bultzatu ere ez dut egingo. Hala ere, egun ilunetan entzundakoa kontatzeko une egokia iruditu zait. Patioan, pasilloetan, jangelan... preso sozialak hurbildu zitzaizkigun. Telebistaz entzun zuten gertatua. «Han matao a un vasco» xuxurlatzen zuten elkarri parte emanez. Idatzi eta irakurtzeko zailtasunak zituzten emakume haiek ez zioten borrero antzik hartzen hildakoari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo