MENDI LASTERKETAK Berako IV. edizioa
Olazabalek zein Etxegaraik aise irabazi dute
Joan den igandean jokatu zen Berako mendi maratoi erdiaren laugarren aldia. Eguraldia lagun, 387 lasterkarik erdietsi zuten 21 kilometroko ibilbide gogorra bukatzea
Andoni Arabaolaza | DONOSTIA
Berako mendi maratoi erdiak lau urte besterik ez ditu, baina, gaztea bada ere, sona handia hartu du. Iaz, adibidez, Nafarroako lasterketak «jantzi» berezia jarri zuen: Euskal Herriko Txapelketarena, alegia. Lau urte soilik, baina jarraitzaile ugari jaso ditu dagoeneko. Aurten, adibidez, 451 lasterkarik eman zuten izena; azken unean 50 bat ez ziren azaldu irteera puntuan.
Igandean jokatu zen laugarren edizio hau eta lasai asko esan dezakegu antolatzaileei den-dena erabat biribil atera zitzaiela. Eguraldiaren aldetik ere laguntza jaso zuten; izan ere, zeru urdina nagusitu zen. Hala ere, gain batzuetan haizeak gogor jo zuen eta lasterkarien jardunari freskura puntu bat eman zion. Zorte handia, bai, lasterketa bukatu bezain laster fronte gogor batek ibilbidearen (21 kilometro) zati guztiak blai egin baitzituen. Batzuen batzuk lokatzaren beldur ziren, eta horretan ere zorte handia izan zuten; pare bat puntutan besterik ez zen agertu.
Parte hartzeari dagokionez, bestalde, inolako zalantzarik gabe, korrikalari herrikoiak bihurtu ziren protagonista nagusi. Aurtengo mendi lasterketen egutegi betea dela-eta, lehiakide indartsuenek, zoritxarrez, ez zuten Berako lasterketan parte hartu. Justu astebete lehenago Gasteizko maratoia (Euskal Herriko Txapelketa) jokatu zen, eta askok eta askok astindu ederra hartu zuten. Beste batzuek, berriz, datozen asteotan proba ofizialak izango dituzte eta, horren ondorioz, indarrak neurtu nahi dituzte. Hala ere, sailkapen nagusian lehenengo geratu zirenek maila txukuna eman zuten.
Ia parte-hartzaile gehienak euskal herritarrak ziren, baina izan ziren Kataluniatik, Kantabriatik, Errioxatik eta Madrildik gerturatu ziren korrikalariak ere. Beste datu bat: aurten ez da errekorrik hobetu. Iaz, nesketan Alizia Olazabalek 2:07:05 denboran jarri zuen, eta Ionut Zincak 1:41:27an.
Olazabal eta Etxegarai indartsu
Nesken lasterketan, inolako zalantzarik gabe, Alizia Olazabal zen oihartzun handiena zuen lasterkaria. Faborito nagusi bezala azaldu zen, besteak beste, azken bi aldiak irabazi dituelako eta ibilbidea ondo baino hobeto ezagutzen duelako; izan ere, denbora asko ematen du bertan entrenatzen. Gainera, dituen lehiakide gogorrenak ez ziren edizio honetan agertu.
Olazabalek ibilbide osoa bakarrik egin zuen, eta lehenengo izan zen helmugan 2:07:32 denborarekin; berak ezarritako errekorretik 27 segundora geratu zen. Bigarren, ia bost minutura, Patricia Althape geratu zen, eta hirugarren Aitziber Ibarbia 2:24:29 denborarekin. Laugarren Ainara Jauregi izan zen, eta bosgarren Jaione Sasieta. 11 neska besterik ez ziren lehiatu nagusien mailan. Beteranoetan, berriz, hiru. Eta onena Arantza Eizagirre izan zen 2:30:42 denborarekin; haren atzetik sailkatu ziren Ana Carcamo eta Isabel Perez.
Mutiletan, berriz, Berako lehenengo edizioaren irabazleak, Fernando Etxegaraik, sasoiko dagoela erakutsi zuen. Hiru lasterketa jokatu ditu dagoeneko: Sarakoan lehenengo izan zen, Gasteizkoan bigarren eta Berako azken honetan ere lehenengo. Bai, Etxegaraik irabazi zuen, eta aise gainera. Beno, lehiakide batek ondo baino hobeto estutu zuen, baina bi lekutan ibilbidetik irten eta kanporatu egin zuten. Irabazleak 1:42:54 denbora egin zuen, eta bigarrenak, Juanjo Igarzabalek, 1:46:41. Hirugarren sailkatua Jokin Lizeaga izan zen 1:46:50 denborarekin, laugarren Arkaitz Zamakona eta bosgarren Patxi Irazoki. Zincak iaz jarritako errekorretik 27 segundora geratu zen Etxegarai.
Beteranotan Juan Mari Garin gailendu zen 1:51:20 denborarekin; sailkapen nagusian 10. postuan geratu zen. Bigarren sailkatua Bittor Maiora izan zen, eta hirugarren Jesus Bravo.
Aipatu beharreko beste bi datu: batetik, lasterkari guztiek jaso zuten oparia (poltsa bana, eta beste sari batzuk zozketatu zituzten); eta bestetik, Angel Garcia de Diosek eta Txomin Irazokik sari bereziak izan zituzten Manttale taldeari (lasterketa honen antolatzaileari) eskainitako laguntzarengatik. Saria jaso ez zutenak, baina merezi zutenak, ibilbide osoan bildu ziren ehunka eta ehunka lagunak izan ziren.