Bulder Lehiaketak
Bloke proba herrikoiak sendotzen doaz
Joan den larunbatean amaitu zen Gasteizko Hegoaldeko hitzorduarekin sei proba izan dituen Bulder Liga. Leioan, berriz, 33 lagunek bat egin zuten lehenengo edizioaren deialdiarekin.
Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA
Bloke lehiaketak, batez ere izaera herrikoia dutenak, gero eta hazkunde handiagoa izaten ari dira Euskal Herrian. Pixkaka-pixkaka bada ere, nolabaiteko nortasuna hartzen ari dira. Adibidez, hori ari zaio gertatzen Bulder Ligari. Gasteizen hainbat proba antolatzen hasi zen eta, oso denbora gutxian, Arabako zenbait herri hautatu eta hortik Bizkaira zein Gipuzkoara egin du salto. Aurtengo edizioak sei hitzordu izan ditu: Estadio (Gasteiz), Gimnasio K2 (Gasteiz), Amurrio, Durango, Oñati eta Hegoalde (Gasteiz). Oro har, esan daiteke zirkuitu herrikoi honek oso emaitza onak izan dituela: parte hartze zabala, lurralde ezberdinetako lehiakideak, antolaketa ona, primerako giroa, ikusle asko... Horrela bada, lasai asko baiezta daiteke Bulder Liga sendotzen ari dela. Hori horrela dela ikusita, bide batez zera eska daiteke: bai lehiakideentzako bai ikusleentzako eremu handiagoak egin behar direla. Oñatikoak, adibidez, oso azpiegitura onak erakutsi zituen.
Hitz gutxitan, horiek izan dira zirkuitu herrikoiak izan dituen azpimarratzeko ezaugarri nagusiak. Joan den larunbatean izan zuen amaiera eta festa eta guzti antolatu zuten. Seigarren proba Hegoaldeko egituretan jokatu zen. Guztira, 46 lagun bertaratu ziren azken deialdira. Goizeko sailkapenen ostean, arratsaldean iritsi zen finalen txanda. 18 urtez azpikoetan, Miriam Mulas eta Mikel Velasco izan ziren garaile. Herrikoien mailan, berriz, Zuriñe Etxeberria eta Xabat Lasarte nagusitu ziren. Eta elite mailan, Ana Ruiz eta Xabin Ulazia.
Beraz, Bulder Liga 08 ekitaldiaren behin betiko sailkapen nagusia ere argitu zen. 18 urtez azpikoetan, Maialen Martinez eta Iosu Viejo izan dira lehenengo; Miriam Mulas eta Mikel Velasco bigarren; eta Nahia Bizkaino eta Iñaki Viejo hirugarren. Herrikoietan, bestalde, Ainara Aramaio eta Xabat Lasarte nagusitu dira. Bigarren Zuriñe Etxebarria eta Iñaki Arantzamendi izan dira, eta hirugarren Estitxu Miguel eta Alex Duran. Eta elitean, txapela Garbiñe Uriarte eta Juanjo Esnaolarentzat izan da; bigarren postua Marian Marquez eta Dani Perezentzat; eta hirugarrena Maite Segurola-Ana Ruiz (berdinduta) eta Xabin Ulaziarentzat.
Giro aparta Leioan
Bulder Ligaren amaierarekin batera beste proba herrikoi bat ere aipatu nahi genuke: Leioako bloke proba alegia. Lehenengo aldia izan du, eta hilaren 6an jokatu zen. Guztira, leku ezberdinetatik iritsitako 33 lagunek hartu zuten parte: 8 neskak eta 24 mutilek. Horietako batek, Markel Gozalezek, 8 urte besterik ez dituen arren, ikusitakoa ikusita, lasai asko esan daiteke etorkizun handiko eskalatzailea dela.
Lehiakideek beraiek aurreratu dutenez, oso gustura jardun ziren; izan ere, makina bat ikusleren adorea jaso zuten eta antolatzaileek prestatutako blokeak oso onak izan ziren. Oro har, Leioako bloke proba herrikoiaren lehenengo edizioa ondo baino hobeto atera zen.
Bi mailatan banatu zituzten eskalatzaileak: herrikoiak eta elitekoak (7b blokean edo 8a kirol eskaladan egin dutenak). Ohi den legez, sailkapen txanda goizean izan zen. Lehiakideek 15 bloke zituzten aurrean, eta guztira bi ordu guztiak probatu eta gainditu ahal izateko. Goizeko txanda hau amaitu bezain laster, merezitako hamaiketako oparoa prestatu zieten parte-hartzaileei.
Arratsaldean jokatu ziren finalak. Sailkapeneko sei onenek sei blokeri ekin behar izan zieten. Neska herrikoietan onena Nagore Urkiaga izan zen, eta haren atzetik Joana Lopez eta Itziar Diez sailkatu ziren. Mutiletan, Ander Lasa gailendu zen; bigarren postua Ruben del Olmorentzat izan zen eta hirugarrena Ruben Fernandezentzat.
Elite mailan, bestalde, oso lehia ederrak izan ziren. Nesketan indartsuena Maddalen Mendizabal izan zen; oso jardun ona egin zuen. Itziar Rodriguezek bigarren postua eskuratu zuen, eta hirugarrena Agurtzane Romerok. Mutilen txandari dagokionez, Ruben Sanchezek eraman zuen txapela; bigarren Jose Luis Urkizu izan zen eta hirugarren Mikel Nogales.