Gipuzkoako Bertso Eskolen IV. Eguna izango da igandean Usurbilen
«Ez dugu esango ume guztiek Bertso Eskolara joan beharra dutenik, baina uste dugu, benetan, gainera, Bertso Eskoletan bertsotarako gaitasuna lantzeaz gain, beste gaitasun asko ere landu daitezkeela, lantzen direla. Bertsotarako ez ezik, bizitzarako eskola ere badela uste dugu, guk hala bizi izan dugu behintzat». Andoni Egañaren hitzak dira horiek, igandean Usurbilen izango den hitzorduaren goiburua -«Bizi eskola-Bertso Eskola»- laburbiltzen dutenak.
Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA
Duela bost urte inguru Gipuzkoako Bertso Eskolen Sarea egituratzeko beharra sumatu zuen Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak. Bere zeregin nagusia Bertso Eskolen arteko harremana sendotu eta egonkortzeaz gain, tokian tokiko beharrei erantzutea izan da, eta orain arte egindako bidearekin pozarren daude.
Alde horretatik, zera gogorarazi zuen atzo, prentsaurrekoan, Unai Muñoa Gipuzkoako transmisioko kideak: «Ikusi genuen Gipuzkoan lan mordoa genuela martxan, baina modu autonomoan; bakoitzak bere egitura zuen, bere bidea egiten zuen; ez zegoen sarerik koordinatu eta proiektu komun bat zeramanik. Hori izan zen helburua: Bertso Eskolak elkartu, proiektu bat bideratu, hausnarketa egin, eta sareari Bertsozale Elkartetik ahalik eta baliabide ekonomiko eta humano gehien eskaini».
Bada, Muñoak esan zuen bezala, igandean egingo den hitzordua bera Gipuzkoako Bertso Eskolen Sarearen ondorio da. 2005ean egin zen lehenengo Gipuzkoako Bertso Eskolen Eguna Villabonan, Oiartzunen izan zen hurrengoa, eta Oñatin azkena. Edizio berrian, aldiz, laugarrenean, Usurbilera deitu dute.
«Bizi eskola-Bertso Eskola»
Hitzorduaren berri emateko, Andoni Egaña, Bertsozale Elkarteko kide eta bertsolaria, mintzatu zen agerraldian, eta berak azaldu zuen, zehazki, ospakizun honetarako hautatutako leloaren zergatia. «Bertso Eskola bizi eskola izan da, bai; jardunaldi hauen goiburu hala jarri dugu sinesten dugulako Bertso Eskola aisialdirako garrantzitsua dela». Hala berretsi zuen arestian esandakoa, bertsotarako ez ezik Eskolak «bizitzarako eskola» ere badirela nabarmenduta.
Zergatik? «Hasteko, taldean egiten delako lan, eta gaztetxoak taldean lan egitera ohitzeak badu garrantzia, taldean aritzeaz gain, lan pertsonala ere ezinbestekoa delako. Beraz, lan pertsonala eta taldekoaren arteko oreka horiek lantzen ikasteko, uste dugu toki egokia dela Bertso Eskola». Bertan ezagutuko dute, bestalde, usadioa ere -tradizioko doinuak, bertso zahar eta ez hain zaharrak...-: «Usadioa landuko dute, bai; baina sormena ere bai, horrekin egingo baitute topo inprobisatzen hasteko unetik beretik. Bien arteko oreka hori bizitzarako eskola egokia dela uste dugu guk».
Horren haritik, Egañak eskoletan landu ohi diren beste hamaika gaitasun ere aipatu zituen. Komunikatzekoa kasu, «norbere argudioak sortu eta ahalik eta era ulergarrienean tolestatzen ere ikasten dutelako, eta lagunaren edo jolaseko aurkariaren argudioei aurre egiten ere bai». Norbere diskurtsoa antolatu, jendaurrean lotsa nola galdu, memoria eta hizkuntza landu, izpiritu kritikoa zer den ikasi... «Bertso Eskoletan ikasiko dituzte mila gaitasun, mila jarrera bertsoetarako ez ezik, bizitzarako ere baliagarri direnak. Hala uste dugu eta hala bizi izan dugu guk».
Gipuzkoako Bertso Eskoletako kideek, beraz, hitzordua dute igandean Usurbilen. Xede zehatzak dituzte arduradunek: «Bertso Eskoletako neska-mutilen arteko erlazioak sustatu eta zaintzea; herri bakoitzaren izaera eta dinamika propioa errespetatuz, herrialde mailako mugimenduaren parte egin eta sentiaraztea; Gipuzkoako Eskola hauen mugimendua ezagutzera eman eta ahalik eta herri gehienetara zabaltzea; Eskoletako arduradun eta irakasleen arteko harremanak sustatzea; Bertsogintza eta hizkuntzaren ludikotasuna lantzea; bertako Bertso Eskolari bultzada sendo bat ematea; bai eta gozarazi eta gozatzea ere». Hitzorduak Kutxaren, Usurbilgo Udalaren eta Foru Aldundiaren babesa ere badu.
Gipuzkoako Bertso Eskolen Sareak komunikazio plana indartzea erabaki du, eta «lau haizetara» zabaldu nahi du Bertso Eskolen mugimenduak urte osoan egiten duen lana. Igandeko hitzordua, hain justu ere, horretarako baliatu nahi dute. «Urte osoko jardunari pizgarri bat jarri» nahian, eguna «ahalik eta erakargarriena izan dadin» saiakera berezia egiten dabiltza.
Igandean egun osoko egitaraua hartuko du Usurbilek. Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak autobusak antolatuko ditu joan-etorriak errazteko, eta Bertso Eskolako talde bakoitzak bere arduraduna izango du une oro.
10.30ean herriko plazan elkartuko dira guztiak; behin neska-mutil guztiak batuta kamisetak banatu, eta taldeak osatuko dituzte. 11.00etarako jinkana antolatuta dago, eta bazkaria, aldiz, herriko pilotalekuan 14.00etan -bakoitzak bere ogitartekoa eraman beharko du-. Oskar Estangaren kantaldia izango dute bazkal ostean.
Indar berrituta, arratsaldeko saio bereziak 16.00etan hasiko dira. Bi talde bereiziko dira: 14 urtetik beherakoak Udarregi ikastolako aretoan bilduko dira; Uxue Alberdi eta Jon Maia izango dira bertsotan, eta Unai Gaztelumendik marrazkiak inprobisatuko ditu horiek kantatzen duen heinean -saioa Kike Amonarrizek gidatuko du-. 14 urtetik gorakoentzat, aldiz, Sutegiko areto nagusian Gu Ta Gutarrak taldearen kontzertua eskainiko da, Igor Elortza eta Unai Iturriagaren eskutik.
Eta, bi orduren buruan, 18.00etan, autobusa hartu eta bakoitza bere etxera.