GARA > Idatzia > Kultura

«Kate mailak lotzen» graduondokoaren bigarren edizioa abian da jada

p059_f02_.jpg

Rebeka CALVO | DONOSTIA

Oraindik ere indarren dagoen ikasturtean egin bezala, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak (Huezi) «Kate mailak lotzen» graduondokoa eskainiko du datorren ikasturtean.

Ez da edonolako graduondokoa, izan ere, euskal kulturgintzaren transmisioaren gainean eztabaidatzen baitute bertan, astero-astero. Horretarako, hartzaileak bezain garrantzitsuak dira emaileak: hain zuzen ere, gurean aski ezagun diren Andu Lertxundi, Iñaki Arruti, Xabier Aierdi, Fermin Muguruza, Koldo Tapia, Ruper Ordorika, J.C. Perez, J.A. Irigarai edo Josu Ametzaga, besteak beste.

Egitasmoaren arduradunetako batek, Jon Sarasuak, argitu duenez, helburu nagusia, «belaunaldi desberdinak elkarren ondoan jartzea, nolabait ere, oxigenatzeko aukera ematea» da, hain zuzen. Izan ere, askotan «mitifikatu» egin dira gure kulturaren hainbat pasadizo edota pertsonaia, eta honekin, «gonbidatuen beraien esperientziekin», desmitifikatzeko aukera ere ematen du.

Hartzaileei erreparatuta, ikasturte honetan 60 bat, oso talde heterogeneoa osatzen dutela argitu zuen Sarasuak, eta emaileei dagokioenez, berriz, hauei ere «bizitzako zenbait pasarteen inguruko hausnarketa egitera behartzen die, eta hori barne prozesurako ere oso ona da», esan zuen.

«Kate mailak lotzen» graduondokoak euskal kulturgintzaren ezagutza biltzeko, sortzeko eta transmititzeko xedea du, lehenengo edizioan bezala, baina datorren ikasturtekoan berrikuntzarik ere gaineratuko dute. «Lehen esperientzia honekin akatsak eta hutsuneak baditugula ikusi dugu, eta horrexegatik bigarren edizioan ikerketa sistematizatuagoa egiten saiatuko gara», esan zuen graduondoko beste arduradun batek, Iñaki Urruzolak. Horiek horrela, ikerketa taldeak osatuko dituzte. Gonbidatuen zerrendan, gainera, emakumezko gehiago sartzen saiatuko dira honakoan, baita hezkuntzari zuzendutako modulua ere -guztira 7 modulu-, graduondokoaren ardatzak sendotze aldera.

Bost orduko saioak

Datorren ikasturtean asteazkenetan izango da hitzordua. Bost orduko saioak izango dira (15.00etatik 20.00etara) eta horietako bakoitzean hiru edo lau hizlarik parte hartuko dute.

Aurrematrikula gaurtik maiatza bukaera arte egin ahal izango da eta, ondoren, 15 egunetara edo, behin betiko matrikula egingo da.

Informazio gehiago, 943 714 157 telefono zenbakian edo kulturgintza@huezi.edu helbidean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo