Mundu osoko adituek elektroi mugikorrez eztabaidatuko dute Donostian
GARA |
Ramón Areces fundazioak elektroi mugikorretan adituak diren mundu osoko zientzialariak bilduko ditu maiatzaren 7an eta 8an Donostian. Dinamika elektronikoa funtsezkoa dela nabarmendu dute antolatzaileek, informazioaren teknologia garatzeko, adibidez.
Donostia International Physics Center-en (DIPC) eginen dute topaketa. Elektroi mugikorrekin lotutako gai nagusiei bu-ruz eztabaidatuko dute. Informazioaren teknologia, industria kimiko eta materialak eta sendabide batzuk hobetzeko beharrezkoak dira elektroi hauek. «Hain zuzen ere, dinamika elektronikoaren ezagutza areagotzeak ordenagailuen abiadura handitzea, hainbat erreakzio kimiko eta biologikoren gaineko kontrola handitzea, izpi ultramoreen eta X izpien atalean laser iturrien garapena eta osasun terapia zenbaitetan hobekuntza dakar», zehaztu dute.
Prozesu hauek ulertzea, fisikaren eta kimikaren oinarrizko ikuspuntutik, inguratzen gaituzten materialak eta bizitza bera ulertzeko behar-beharrezkoa dela deritzote.
Hamaika galdera
Erreakzio kimiko eta biologikoak kontrola daitezke molekula orbitaletan elektroien mugimendua kontrolatuz? Zeintzuk dira erradiazio iturri batzuengatik material biologikoak jasaten duen kaltea mugatzen duten prozesuak? Zeintzuk dira atomo eta molekulak erabat eszitaturiko egoera elektronikoan egotea lortzeko modurik eraginkorrenak? Nolako eragina dute esparru elektromagnetikoek eszitazio, eta ondorengo eszitazio gabetzeko prozesu hauetan? Horiek dira adituek erantzun beharko dituzten galderetako batzuk.
Ultrafast 2008 Sinposioa izena du topaketak eta bi irakaslek koordinatuko dute, Pedro M. Etxenikek eta Daniel Sanchez-Portalek, DIP-eko kideak biak. Etxenikek EHUko Materialen Fisika Sailean lan egiten du, eta Sanchez-Portalek, berriz, Materialen Fisikako CSIC-EHU zentro mistoan.