KICK BOXINGA Borrokaldia Villabonan
Ikuskizunaz gain, euskaldunen garaipena
Euskal Herriko selekzioak maila bikaina erakutsi zuen beste behin ere Olaederra kiroldegian. Kataluniako taldeari 4 eta 1 irabazi zion.
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Goi mailako ikuskizuna eskaini zuten larunbat arratsaldean Euskal Herriko eta Kataluniako kick boxing selekzioek. 700 bat ikusle gerturatu ziren Villabonako Olaederra kiroldegira, eta, azkenean, garaipena euskaldunek lortu zuten bost borrokatik lau irabazita. Antolatzaileek balantze positiboa egin dute eta hasiak dira jada hurrengo hitzordua prestatzen.
Euskal Herria ordezkatu zuten bost borrokalariak Aitor Eguskitza, Iñigo Ezeizabarrena, Ander Azurmendi, Ion Ibazeta eta Stephan Susperregi izan ziren. Ringera Eguskitza igo zen lehenengo, eta Europako Txapeldunak lortu zuen, agian, garaipenik ikusgarriena. Eguskitzak nahikoak izan zituen hiru round aurkaria KO uzteko.
Beste kirolari guztiek ere maila oso ona eman zuten, eta bertan izan zirenek borrokalarien maila ona nabarmendu dute. Kataluniatik etorritako espedizioa ere, nahikoa harrituta geratu omen zen euskaldunen maila ikusita. Argi geratu da beste behin ere Euskal Herriak nazioarte mailan zer esan handia duela kick boxingean.
Ring gainean gertatutakoa bezain garrantzitsua izan zen ringaren inguruan bizitako guztia. Arratsaldean, Esaitek eta Bai Euskal Herriarik euskal selekzio ofizialen alde antolatutako kalejira batekin hasi zen, eta festak kiroldegi barruan jarraitu zuen bi selekzioen aurkezpen ekitaldiarekin. Azkenean, borrokaldia espero baino ordu erdi geroago hasi zen -Oinkari dantza taldeak ere erakustaldi txiki bat eman zuen-, eta zaleen ikusmina ere haziz joan zen.
Nabarmentzekoa da harmailetan 700 bat ikusle bildu izana, jendeak nola erantzungo zuen ikusteko beldurra ere bazegoelako. Kontuan izan beharrekoa larunbat arratsaldean Euskal Herriko Itzulia amaituko zela Orion eta Realaren partida ere telebistaz eskaini zutela. Hala ere, jendearen erantzuna bikaina izan zen.
Euskal Herria vs Espainia
Larunbatekoa oraindik buruan fresko izan arren, Euskal Herriko Kick Boxing Taldea buru-belarri sartuta dabil jada bere hurrengo borrokaldia prestatzen. Oraingo honetan, erronka are ikusgarriagoa izango da. Euskal Herriko selekzioak desafioa bota dio Espainiako selekzioari, kirolean ia aurrekaririk gabeko norgehiagoka egin ahal izateko. Kirol maila sekulakoa izango litzateke, eta penintsula osoan izango lukeen oihartzuna ere benetan aipagarria.
Oraingoz desafioa besterik ez da, baina azkenean ataka gaindituz gero, borrokaldia Hernanin antolatuko litzateke seguru asko. Ea dena ongi irteten den.
700 bat ikusle bildu ziren Villabonako kiroldegian borrokaldia bertatik bertara jarraitzeko. Aurrez, euskal selekzio ofizialen aldeko kalejira ere egin zuten herriko kaleetan eta eguraldiak ere lagundu zuen.
Berriz ere argi geratu zen Euskal Herriak ez duela inguruko herrialdeen inbidiarik bere kirolarien mailari dagokionez. Kataluniatik iritsitako espedizioa ere harrituta geratu omen zen euskaldunen mailarekin.