GARA > Idatzia > Kultura

Kerobiak SGAEri uko egin eta disko berria osorik sareratuko du

Apirilaren 29an egongo da eskuragarri Internet bidez Kerobia taldearen azken lana, «Materia organikoa eta gainerakoak». Talde iruindarrak SGAE alde batera utzita, lan berria autoproduzitzearen aldeko apustua egin du lana sareratuz, nahiz eta diskoa dendetan ere erosi ahal izango den. Hirugarren lan hau gainera, trilogia baten lehenengo zatia izango da.

p063_f01_.jpg

GARA | IRUÑEA

Kerobia talde iruindarraren hirugarren lana, «Materia organikoa eta gainerakoak», datorren hilaren 29an egongo da eskuragarri. Aurreko lana, «Rose Escargot», 2006an kaleratu zuten euren lan debuta, «Kerobia», kaleratu eta bi urtera.

Disko berri honetan, hala ere, Kerobia birziklaturik agertu da eta beste lan ildo bat aukeratu du: autoprodukzioaren alde egin du taldeak orain, eta taldea SGAEtik kanpo uztea erabaki dute. «Proiektu berri honen filosofiarekin bat ez datorrelako eta beraiek betetzen duten funtzioarekin eta lanarekin bat ez datozelako, gure aurreko diskoen etekinei uko egin diegu eta hemendik aurrera SGAEtik kanpo lan egiteko asmoa daukagu», arrazoitu dute taldekideek.

Kontainerraren kontzeptua

«Materia organikoa eta gainerakoak» trilogia baten lehenengo pausoa izango da gainera, kontainerraren kontzeptuaren inguruan bildutako trilogia .

«Bizitzan gauza eta momentu ezberdinak erabili, gorde edo ezeztatu egiten ditugu. Han jasotzen dira jendeak ahaztu edo kontsumitu dituen gauzak, ideiak... Norberaren unibertsoaren fitxategi bilakatzen da, apalategi soil bat almazen batean, bizitzaren zatiak dituelarik stock moduan. Horregatik aukeratu dugu kontainerraren ideia, begirada bat bota nahi diogu horri», diote taldekideek.

Horiek hala, trilogiako lehen disko hau apirilaren 29an egongo da eskuragarri wwww.kerobia.com webgunean -bide batez berritu egin dutena-, baita, nola ez, GOR diskoetxeak egindako banaketari esker, disko dendetan ere bai. «Gure lana edonork dohainik jaitsi ahal izango duen arren, bakoitzak gure lana baloratu eta gure proiektu honetan laguntzeko dirua emateko aukera izango du, proiektu hau bere osotasunean burutu ahal izateko aukera eduki dezagun eta egitasmo osoa aurrera eramateko baliabide nahikoak ahalbidetzeko», eskatu dute, hala ere, iruindarrek.

Trilogiako bigarren zatia «paper, kartoiei eta plastikoei» egongo da zuzendua, eta 2009an, otsail inguruan, aurkeztuko dute. Hirugarrena berriz, urte bete geroago, urri aldera egongo da prest.

Interneten garrantziaz ohartuta eta beren burua SGAEtik kanpo ikusten dutenez, autoekoizpenaren apustu berri horri ekin dio Kerobiak. «Proiektu berritzailea da, forma eta edukian eta, batez ere, ilusio handiz eta lan handiz egiten ari garen egitasmoa», azaldu dute.

Espero dute diskoa eta material guztia taldearen webgunean izatea aurki eskuragarri, baina hura berritu artean, eta aurrerapen moduan, `Asteroideen antzokian artista eraila' abesti berriaren bideoklipa jarri dute han ikusgai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo