«Nahiko kolpe gogorra izan zen Binakako Txapelketa jokatu ez izana»
Asegarceko atzelaria
Hiru hilabete pilotalekuetatik at eman ostean eta behin eskuin eskuko arazoak atzean utzita, Oier Zearra Iruñeko Labriten aritu zen joan den larunbatean. Lesio baten ondorioz Binakako eta Buruz Buruko txapelketetatik kanpo geratu den arren, udararako sasoi betean egotea du helburu.
Aritz SORZABAL |
Oier Zearra joan den larunbatean berragertu zen Labriten, hiru hilabetez lesionatuta egon ondoren. Chafee lagun zuela, 22-15 galdu zuen Pablo Berasaluze eta Oier Mendizabalen aurka, Binakakoan bera ordezkatuz txapeldun bukatu zuen atzelariaren kontra, alegia.
Hainbeste denbora eman ondoren partidarik jokatu gabe, nola sentitu zinen Labriten?
Apur bat galduta sentitu nintzen eta erritmo faltarekin, hasieran batez ere. Ondoren, hobeto sentitu nintzen, baina bukaerarako luze samarra egin zitzaidan partida. Baina, tira, oro har, eta lehenengo norgehiagoka izateko, nahiko pozik bukatu nuen. Batez ere, eskuak ondo erantzun zuelako.
Behin berragerpena eginda eta lesioa atzean utzita, zein helburu duzu orain?
Txapelketak joan dira niretzat, parte hartu gabe, zoritxarrez. Nire helburua partida batzuk jokatzea izango da, betiere ekainaren bueltan maila onenean egon ahal izateko eta uda polita egiteko. Berriro konfiantza hartzea eta maila berreskuratzea izango da nire lana orain.
Zu lesionatuta zinen bitartean, Binakako Txapelketan zure bikotekide Aimar Olaizola txapeldun izan zen azkenean. Nola igaro zenituen kantxetatik kanpo egondako asteak?
Gogorra izan da, txapelketa galdu nuelako batez ere. Niretzat urteko txapelketa politena izaten da Binakakoa. Jakinda gainera Aimarrekin jokatzen nuela, ilusio handia nuen. Gabonetan eduki nuen lesioa, baina uste nuen txapelketarako ondo jarriko nintzela. Hortaz, nahiko kolpe gogorra izan zen Binakako Txapelketa jokatu ez izana. Behin galduta, sendatzea beste aukerarik ez nuen.
Oier Mendizabali buruz galdetu behar dizut, bera izan baitzen zure ordezkoa Binakakoan. Zer iruditu zitzaizun?
Primeran. Oso zaila izaten da ordezko sartzea eta txapelketan zentratuta egotea. Gainera, astero-astero, berak ez zekien ni bueltatuko nintzen ala ez. Oso zentratuta ikusi dut eta meritu handia du berak egindakoak. Gainera, nahiko egoera txarrean sartu zen, hirugarren partidan debuta egin zuen, aurreko bi norgehiagokak galduta genituela, bat neuk jokatuta eta bestea Otxandorenak. Finalean zalantza guztiak uxatu zituen. Zalantza bazegoen, atzelariek nola erantzungo ote zuten, baina oso maila ona eman zuen.
Zure ordezkoak eta Aimar Olaizolak txapela irabazi zutela ikusita, ez al zenuen inbidiarik sentitu?
Inbidia partida guztietan izan nuen, hasieratik bukaerara arte. Kristoren inbidia. Oraindik ere inbidia ematen dit Oierrek -irribarrea-. Oraindik ez dut txapelketarik irabazi, eta berak 23 urterekin txapel bat du buruan jada. Beste alde batetik, pozten naiz Oierrengatik. Oso tipo jatorra da, langilea. Inork merezi izatekotan, berak merezi zuen. Txapelketa osoan ez du hitz bakarra esan tokiz kanpo.
Azkenik, zer iritzi duzu Buruz Buruko Txapelketaz?
Orain arte Beginok kristoren maila erakutsi du. Horretaz gain, hemendik aurrera txapelketa interesgarria dago aurretik. Aimarrek kristoren jokoa du, badirudi Irujo osatuta dagoela eta Asier Olaizolak aurten zer edo zer egin dezakeela uste dut, finalerdietara pasatzeko aukera asko ikusten baitizkiot.