GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal presoak miaketa bortitz eta basatien jomuga direla salatu du Askatasunak

Azken asteetan euskal preso politikoek miaketa andana jasan dituztela jakinarazi du Askatasunak, eta hori espetxe politika «ezin bortitzagoaren adierazpena» dela azaldu du. Miaketa horiek presoak «fisikoki txikitzeko» estatuek egindako apostuaren parte direla gehitu du.

p022_f01.jpg

GARA |

Euskal preso politikoen aurkako jazarpenak etenik ez duela berretsi du beste behin ere Askatasunak hilero gauzatzen duen espetxeei buruzko txostenean. Oraingoan ordea, maiz salatutako sakabanaketa edo bakartzeaz harago, euskal presoen aurka miaketa «bortitzak» egiten ari direla eman du jakitera.

Azken asteetan Estatu espainoleko zein frantseseko presondegi ugaritako funtzionarioak bai presoak zuzenean, bai beraien ziegak arakatzen aritu izan direla azaldu du. Miaketa horiek «bortitzak» direla, eta ziegak, esate baterako, «hankaz-gora» utzi eta gauzak apurtu ere egiten dituztela salatu du.

Miaketa horiek espetxe poli-tika «ezin bortitzagoaren adierazpenak» direla esan du errepresioaren aurkako antolakunde honek, eta «estatuek euskal presoak fisikoki txikitzeko egindako apustuaren barruan» kokatu ditu.

Miaketen aregotzea azaltzeko asmoz, azken asteetan presondegi ezberdinetan jazotako hainbat gertakariren berri zehatzagoa eman du Askatasunak.

Fleury-Merogis espetxean joan den urtarrilean, lantegietatik cuter bat desagertu zelako aitzakiarekin, euskal preso politikoen ziegetan «miaketa basatiak» egin zituztela salatu du.

Darocan aldiz, joan den apirilaren 4an, Gorka Vidal, Egoitz Coto eta David Gramont euskal presoak patioan zeudela, funtzionarioek beraien ziegak miatu, eta, gainera, hainbat gauza hautsi zituztela azaldu du.

Gertakaririk larriena ordea, Aranjuezeko espetxean jazo zen, pasa den martxoaren 27an. Lander Labajoren neskalagunari «inoiz baino miaketa gogorragoa» egin zioten. Bisita bukatzean ordea, bost funtzionariok zuzendaritzak emandako agindu orri bat erakutsiz, Labajo erabat biluzarazi zuten. Ezer aurkitu ez zutenez, Aranjuezeko epaitegiko idazkariak epailearen agindu bat erakutsi, eta Gregorio Marañon ospitalera eraman zuten, eta X izpien bidezko erradiografia bat egin zioten.

Askatasunak eratutako txostenaren arabera, joan den astean Brievako, Herrera de la Manchako, Kordobako, Valdemoroko zein Soto del Realeko espetxeetan miaketa zorrotzak egin dituzte, «egunkariak arakatuz eta CDak kenduz», gehitu du.

Puerto I. kartzelan ere, azkenaldian behin baino gehiagotan miaketa sakonak egin dituztela eman du aditzera, eta bertako funtzionarioak musika zintak eta paperak lapurtzeraino ere iritsi direla salatu du. Gaineratu duenez, Puerto III. espetxean ere, apirileko lehen astean, «izugarrizko» miaketa egin zuten, euskal presoei «erabat biluzik» geratzeko aginduak emanez.

Bakartzea eta bisitei trabak

Azken asteetan miaketak eguneroko ogi bilakatzen ari direla salatzeaz gain, beste eskubideen urraketak ere gertatzen ari direla ekarri du gogora. Valladolideko espetxean adibidez, preso diren Patxi Urrutia eta Angel Mari Elkano bakartu egin dituzte 75. artikulua ezarri ondoren. Soto del Realean, aldiz, lau euskal preso politiko bi egunez bakartuta izan dituztela adierazi du.

Valdemoroko 9. moduluan dauden euskal preso politikoak apirila osoa zigorturik emango dutela salatu du, halaber, Askatasunak; bisita eta patio orduak murrizturik izango dituzte, azaldu duenez. Kartzela horretan, gainera, azken asteetan bisitei trabak jarri dizkietela ere jakinarazi du. Horren lekuko da preso batek, lekuz aldatuko zuten aitzakiarekin, zegozkion hiru bisean bisekoak galdu izana.

eguneroko ogia

Miaketak eguneroko ogi bilakatzen ari dira Estatu espainoleko espetxeetan, eta Askatasunak jasotako datuen arabera, apirileko lehen bi asteetan bakarrik, zazpi espetxeetan egin izan dira halakoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo