GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Harri-jasotzea Marka saiakera

Sardonek bi aldiz jaso du 125eko zilindro zaharra

Urnietako kirolariak orain arte beste emakume batek inoiz egin ez duena egin zuen atzo bost minutuan. Beste jasoaldi bat ere eman zion, baina berdindu ostean ihes egin zion harriak eta ez zuten ontzat eman.

p056_f01.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Marijose Sardonek marka berri bat ezarri zuen atzo Euskal Telebistan. Horrelakoa da bizitza, saioan; 125 kiloko zilindro zaharra bi aldiz berdindu zuen bizkarrean bost minutuko txanda batean, orain arte emakume batek sekula lortu ez duena egin zuen.

Orain arteko marka Miren Urkiolak zeukan, eta berak, joan den abenduaren 26an, 120 kiloko zilindro zaharra berdindu zuen bizkarrean. Atzo, urnietarrak bi jasoaldi eman zizkion, bost kilo gehiago pisatzen zituen harriari. Horrelakoetan gertatzen den moduan, harriak gehiago pisatu zuen; aurretik egindako pisatzean, 126 kilo izan zituen zilindro zaharrak.

Berotze ariketak egin ostean plazaratu zen urnietarra, oso urduri, baina sendo jarri zen harriaren aurrean. Epaileak txistua jo bezain pronto heldu zion harriari. Gerrira jaso, buelta eman, bi kolpe, eta berdindu egin zuen. Epaileak balekotzat jo zuen, marka, beraz, eginda zegoen. 23 segundotan lortu zuen helburua.

Asmoa beteta zegoen, baina bere burua ongi ikusi zuen, eta denbora asko zuenez, atsedenerako tartea hartu, eta berriro ere heldu zion harriari. Lehen jasoaldiaren antzekoa egin zuen, baina harria berdindu zuenean ihes egin zion, eta epaileek ez zuten balekotzat eman.

Berriro ere tartea bazuen, eta beste ahalegin bat ere egin behar zuela sumatu zuen. Beste atseden txiki bat hartu, eta harriari heldu zion beste behin. Gerrira ekarri, han buelta eman, eta, bi kolpe eman ostean, berdindu egin zuen. Epaileek ontzat jo zuten, eta hortxe amaitu zen saiakera, azkeneko jasoaldia egin zuenean, 4 minutu eta 57 segundo bete baitziren.

Amaieran Marijose Sardon oso gustura zegoen, marka ahalegina egina baitzuen: «Oso urduri etorri naiz. Beti honela etortzen naiz, baina hori normala ere badela uste dut. Oso kopeta ilunarekin egoten naiz, baina kontzentratzen ari naizenean hala egoten naiz», adierazi zuen behin marka lortuta.

Onartu zuen, hirugarren jasoaldia izan zela gusturen egin zuena: «Hirugarren jasoaldia egin dut gusturen, baina hori askotan geratzen zait. Lehenengoan beti kostatu egiten zait, eta gaur ere horixe gertatu zait, baina helburu nagusia marka egitea zen, eta lortu egin dut» onartu zuen pozez Urnietako harri-jasotzaileak ahalegina amaitu ostean.

Atzo bi jasoaldi egin zituen, baina etxean gehiago ere egiten omen zituen: «Etxeko entrenamenduetan, hiru jasoaldi on ematen nituen; gaur ere banuen itxaropenik, baina etxean egin, edo plazan egin gauzak asko aldatzen dira, eta ez dago ezer esatekorik. Helburu nagusia marka egitea zen, eta hori lortu dut, eta oso gustura nago», onartu zuen.

Bizkarreko arazoak

Marijose Sardonek zaintiratua izan zuen joan den ostiralean egin zuen entrenamenduan, baina atzo horrek ez zion aparteko eraginik egin. Sardonek hasi aurretik adierazi zuen ongi ikusten zuela bere burua, eta, azkenean, horixe erakutsi zuen bi jasoaldi emanda.

Orain marka berea du, ez dago berak baino harri handiagorik jaso duen emakumerik, ofizialki ez, behintzat. Atzo telebistatik egin zioten deia Miren Urkiolari marka hori apurtzen ahalegindu dadin, baina ikusteko dago bizkaitarrak zer egiten duen.

Emakumezkoen harri-jasotzea puri-purian dago, maila handiko bi neska ari baitira egun arlo horretan, baina, ofizialki, oraingoz, ez dago besterik; Bai Mirenek, baita Marijosek ere gustura asko hartuko lituzkete aurkari gehiago.

Etxean gehiago

Marijose Sardonek etxean hiru jasoaldi ematen zizkiola onartu zuen saiakera amaitutakoan; baina atzo argi geratu zen, plazan egin edo entrenamenduetan egin, kontu zeharo ezberdina izaten dela.

Mirenen txanda Atzo arte Miren Urkiolak zuen errekorra, baina atzo Sardonek kendu zion. Orain zaleak bizkaitarrak hori noiz hobetuko zain izango dira, izan ere, bi neska hauen arteko lehia ikusgarri bezain ederra ari baita izaten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo