GARA > Idatzia > Mundua

Nepalgo erregeak ez du jauregia utzi nahi alde egiteko eskatu badiote ere

Errepublika berehala ezartzea defendatzen duten maoistek hauteskundeak irabazi badituzte ere, Nepalgo errege Gyanendrak ez duela jauregia utziko adierazi zuen atzo. Maoisten lider Pratxandak Errepublika aldarrikatuko dutela berretsi zuen.

GARA |

Nepalgo errege Gyanendrak uko egin zion kargua uzteari eta Asiako herrialde horretatik alde egiteari, nahiz eta hilaren 10ean izandako hauteskundeetan garaipena lortu zuten maoistak abdikazioaren alde azaldu diren.

Katmanduko Erret Jauregiak atzo plazaraturiko dokumentu batean, «erregea Indiarantz joango dela esan duten bertako zein nazioarteko komunikabideen asmo txarreko informazioak» gezurtatu zituen.

«Gyanendra ez da inora joango. Ez du Nepal utziko», gaineratu zuen Erret Jauregiak.

Hala eta guztiz ere, Nepal prest da 239 urte dituen monarkia suntsitzeko eta Errepublika indarrean jartzeko. Erregea botatzeko basoetan hamar urtez borrokatu diren gerrillari maoistak Batzar Konstituziogilea aukeratzeko apirilaren 10ean egin ziren hauteskundeetan garaile izan ziren.

Oraindik ere emaitza ofizialak ezagutzera eman ez badituzte ere, maoistek diputatuen %40 lortuko dituzte inkesten arabera.

601 diputatuz osaturik egongo den Batzar Konstituziogileak monarkia bertan behera uzteko lege berriak onartuko ditu. Erabaki hori Batzarraren lehen bileran egitea espero da, abenduan maoistek eta Nepalgo beste alderdi politikoek lortu zuten akordioak hala zehazten baitu.

Prozesu honek 2006ko azaroaren 11n izan zuen abiapuntua, 13.000 hildako eragin dituen gerra zibilari amaiera eman zioten bake akordioarekin. 2007ko apiriletik aurrera maoistak Nepalgo Gobernu-koalizioko kideak izan dira.

Alderdi maoistak ez zion garrantzi handirik eman atzo Gyanendra erregeak azaldutako asmoari, herritarren sostengua dutenez indartsu daudelako. «Berdin da Gyanendra India edo Nepalen biziko den. Guk Errepublika aldarrikatu dugu eta onartu beharko du hori», adierazi zuen Krishna Bahadur Mahara maoisten eledunak.

Matxino ohiek erregeak Nepaldik alde egin dezan aldarrikatzeko deialdi ugari egin dituzte azken egunotan.

Nepalgo Errepublika berriaren presidentea izateko aukera ugari dituen Pratxanda maoisten liderrak argi hitz egin zuen ostiralean. «Erregeak herrialdearenganako duen atxikimendua frogatzeko aukera ezin hobea dauka oraingo honetan. Herriak hartu duen erabakia onartu eta jauregia uzteko erabakia hartu beharko du», esan zuen Pratxandak.

«Iraganean egin dituenak herriak barkatuko dizkio», nabarmendu zuen Pratxandak. «Historian zehar burua moztuta amaitu ez duten erregeek bertatik alde egin behar izan dute ihesean», gaineratu zuen.

60 urteko Gyanendra Shah dinastia aberatseko azken oinordekoa da. Nepaldarrek ez diote apenas begirunerik eta egun ez du botere handirik, duela bi urte Estatuburu eta Armadaren buru izateari utzi zionetik.

Bere jauregitik atera gabe bizi da Gyanendra. Jauregia bera ere, erregearen gainerako ondasun higiezinak bezala, nazionalizatu egin zuten. Ereserki nazionalak dagoeneko ez du erregea aipatzen eta bere irudia desagertu egin da txanpon eta eraikin ofizialetatik.

2006ko apirilean izandako matxinadaren ostean, erregeak 2005eko otsailean bereganatu zuen erabateko botereari muzin egin zion, maoisten borrokari aurre egiteko helburuarekin. Halere, Armadaren sostengua du oraindik, Rookamangud Katawal jenerala errege-familiarekin hazi baitzen.

estatu kolpea

Alderdi maoistako kideek behin baino gehiagotan salatu dute erregearen aldekoak Estatu kolpea prestatzen ari direla, Nepalgo herritarrek Errepublikaren alde adierazi duten iritzia zapuztuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo