GARA > Idatzia > Kolaborazioak

José Domingo Ormaetxea (*) Maltzagako mahaikideon izenean

Maltzagarako bidean

Telesforo Monzon buruzagi abertzalearen lelo ezaguna geure egin dugu, Maltzagaraino joateko prest baikaude. Horrek ez du esan nahi bakoitzaren helburu sozialak, ekonomikoak, kulturalak baztertu, zokoratu ala gelditu behar ditugunik

Iragan den apirilaren 11n, Donostian burujabetzaren aldeko prozesua berpiztu nahi duen Maltzagako Mahaia aurkeztu genuen. Bertan dagoeneko, ideologia ezberdineko 14 lagun elkartu gara, eta epe laburrean beste sei lagun gurekin arituko dira.

Gure ustez, une historiko baten aitzinean gaude. Larria bezain interesgarria den une honetan, ezinbestekoa da Euskal Herria nazio gisa ulertzen dugun pertsonen eta indar guztien arteko estrategia gorpuztea. Lanari ekin aurretik gure artean egoeraren hausnarketa xume bat egin genuen abiapuntu gisa. Hausnarketa horrekin hainbat eragilek bat egin dezaketelakoan artikulu honen bitartez plazaratu nahi izan dugu.

Hortaz, lehenik eta behin, egoeraren diagnostiko laburra egin nahi dugu. Europako mendebaldean estatu-nazioak sortzen hasi zirenean, Euskal Herriak ezin izan zuen bere garapen propioa egin, ordurako Estatu frantsesak eta Estatu espainolak gure lurra eta herria elkarri banatu zizkiotelako.

Estatu espainolak eta Estatu frantsesak nazio izaera hartu zuten unetik areagotu egin zuten lehendik hasia zuten uniformizazioaren bidea. Bi Estatu hauen eremuen baitan existitzen ziren hizkuntzak, ezberdintasun juridikoak, politikoak eta kulturalak ezabatzen ahalegindu ziren, eta Euskal Herriaren kasuan, prozesu hori, besteak beste, armen bitartez burutu zuten.

Estatu espainolarekin eta frantsesarekin Euskal Herriak gatazka historiko, politiko eta kultural sakona du, orain arte konpondu ez dena eta adierazgarri bortitzak ukan dituena. Adierazpen horiek alde anitzetakoak dira, belaunaldi askok sufritu dituzte, eta egun, oraindik, giza eskubideen urraketa larria eragiten dute.

Gatazka hau errotik konpondu nahi dugu, errotik konpondu gure egoera herri normal batena izan dadin, eta bortizkeria politikoari eta alde guztietako sufrimenduari behin betikoz bukaera eman diezaiegun.

Azken urteetan, orokorrean, abertzale mugimenduak saiakera handia egin du eskubide guztiak bermatuko dituen marko-juridiko berria eratzeko. Beharrezkoa den nazio estrategia oraingoz lortu ez badugu ere, sekula baino hurbilago gaude. Aldaketa handiak gertatu dira abertzale mugimenduaren barruan dauden erakunde politiko, sozial eta sindikaletan, eta iritsi da herri gisa pentsatzeko eta herri gisa erabakitzeko garaia.

Telesforo Monzon buruzagi abertzalearen lelo ezaguna geure egin dugu, Maltzagaraino joateko prest baikaude. Horrek ez du esan nahi bakoitzaren helburu sozialak, ekonomikoak, kulturalak baztertu, zokoratu ala gelditu behar ditugunik; alderantziz, aniztasun ideologiko horrek abertzale mugimenduaren sendotasuna adierazten duela uste dugu. Baina ezberdintasun horiek barneratzen, burujabetzara eramango gaituen prozesu demokratiko bat adosteko eta abian jartzeko edukiak eta indarrak egon badaudela sinetsita gaude. Hori dela eta, gurekin batera bakoitzak bere erritmoa jotzen eta bakoitzak bere doinuarekin dantzatzen Maltzagaraino joatera animatu nahi zaituztegu. Laster arte.

(*) José Domingo Ormaetxeaz gain, Haritza Camblongek eta Santiago Bereziartuak ere sinatzen dute artikulua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo