Bartzelonako La Kinky Beat seikotearen karate kolpeak eta elektronika akustikoa
Bost urtean soinu propioa garatu eta hirugarren lan luzea argitaratu berri du La Kinky Beat taldeak. «Karate Beat» (Kasba Music, 2008) da seikote katalanaren lanik sendo eta zuzenena.
Anartz BILBAO | BILBO
Bartzelonan orain bost urte sortu zen La Kinky Beat taldeak hirugarren lana plazaratu berri du, gaur gauean Bad Sound System irundarrekin batera Bilboko Kafe Antzokian zuzenean emango dutena, eta guk Manel Cabello taldeko perkusio-jotzaileari dei egin diogu, «Karate Beat» hobeto ezagutu nahian.
Sei lagunek osatuta dago egun La Kinky Beat. «Bartzelonan elkartu ginen eta inguruko herrietakoak gara gehienak. Mc lanak egiten dituen Rude italiarra dugu, Boloniakoa, eta Hernan Morsilo baxu-jotzailea argentinarra, Mar de la Platakoa». Soinuaren osagarriei dagokienez, «base erritmikoak indar handia du taldean eta disko jartzailearen baseak erabiltzen ditugu, bateria eta perkusioaz gainera. Estilo aldetik froga asko egin ditugu eta egun elektroakustikaren bidean ari gara. Musika elektronikoa egiten dugu, instrumentu akustikoak joz».
«Made In Barna» lanarekin egin zuen debuta 1993ko ekainean sortutako seikoteak, eta «One More Time» plazaratu zuen bi urte geroago. Tartean, remix lan bat sortu zuten, makina bat lagunek taldearen kantuei egindako berrirakurketak bilduta.
Orain hirugarrena, «Karate Beat», argitaratu berri dute. «Taldearen pausorik helduena dugu, geure soinu propioa zehaztu duena. Bide propioa aurkitu eta garatzeko orain arte egindako lanak asko lagundu digu eta ekoizpena gure kontura egin dugu».
Jungle, break beat, drum & bass, reggae... erritmo beroen nahasketak bete du La Kinky Beatek ez aspertzeko luzatu duen proposamena. «Hasieran, harrigarria bazen ere, Europan zehar sekulako arreta eskaini ziguten etxean jendearengana heltzea gehiago kostatu zitzaigun bitartean. Zorionez, orain gero eta ikus-entzule irekiagoak ditugu, baita etxean bertan ere».
Manelen esanean, «taldearen helburua dantzarako musika egitea da, jai-giroa sortu eta jendea ohera nekatuta bidaltzea».
Gaurkoa ez da taldeak Kafe Antzokian joko duen lehenengo aldia eta Manelek ondo ezagutzen ditu bertako musikazaleak. «Euskal Herrian hasiera-hasieratik izan dugu erantzun ona eta lagun asko ditugu bertako musikari eta zaleen artean». Bad Sound Systemeko Brujo-k, esaterako, kolaborazio bat egin du lan berrian.
Euskal lotura
Kantuetan ingelesa eta gaztelania dira nagusi, baina «Itaka Berria» kantua euskaraz kantatzen dute. «Fermin Muguruzaren lagun eta zale handiak gara. Miriamek, taldeko kantariak, irundarrari deitzeko proposamena egin zuen, eta euskaraz abesteko ilusioa azaldu. Lanean hasi ginen eta oso gustura gaude kantu berezi hori Fermin Muguruzaren laguntzarekin euskaraz sortu izanaz».
Bartzelonakoen aurretik Bad Sound System irundarrek berotuko dute jaia. Duela hamar urte sortutako taldeak sound system eskemari erantzun eta besteak beste hip hop, dancehall eta ragga erritmoak ekarriko dizkigu belarrietara.
Maiatzaren 17an, Bilboko Kukutzan ere izango dira, bertako hamargarren urteurrena eta Gaztetxe Eguna ospatzen.
Taldeak:
La Kinky Beat
+ Bad Sound System.
Data: Gaur.
Lekua:
Kafe Antzokia (Bilbo).
Ordua: 22.00etan.
Sarrera: 10/12 euro.