GARA > Idatzia > Jo puntua

Laura Mintegi Idazlea

Kuotak, arau paritarioak eta beste

Klaustrokideak hautatuko diren egun berean hautatuko da Unibertsitateko errektorea. Bi hautagai daude eta biak dira gizonezkoak. Klaustrorako araudi bat erabiltzen da eta beste araudi bat, ezberdina, errektorea hautatzeko

Aste honetan izan da. Klaustrorako aurkeztu behar genuen hautagaitza atzera bota digute araudia betetzen ez genuelakoan. Unibertsitateko zerbitzu juridikoek azaldu digutenaren arabera, ez dugu betetzen Berdintasunaren Legea. Gure zerrendan sei emakumezko azaltzen dira eta gizonezko bakarra. Ez da harrigarria, kontuan harturik ikastetxe batzuetan emakume kopurua ehuneko laurogeikoa (% 80) izan daitekeela eta gizonezkoena, ordea, % 20 ingurukoa.

Ba ezetz. Berdintasunaren Legea bete ezean, hautagaitza ezin dela aurkeztu. Klaustrorako araudia irakurri dugu berriz ere: «...premiazkoa da Klaustroko kideak aukeratzeko arautegi bat onartzea, behin-behinekoa baino ez bada ere, eta arautegi hori aipatutako legeak ekarri dituen aldaketara eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunari buruzko legedira egokitzea. Berdintasunaren lege horren arabera, kide anitzeko organoei dagokienez, ahalegina egin beharko da gizonen eta emakumezkoen ordezkaritza parekatua izan dezaten, betiere hori posible den heinean, eta kontuan izanda ordezkaritza parekatutzat hartuko dela kide anitzeko organoan sexu bietako jendea gutxienez % 40an ordezkatuta egotea». Eta ahoz esan digute «kremailera» moduan banatu behar ditugula gizonak eta emakumeak, tartekatuta.

Araudiaren «behin-behinekoa», «ahalegina egin», eta «posible den heinean» horiek guztiak azkenean debeku bihurtu dira. Emakumeen eta gizonezkoen presentzia paritarioa bermatu nahi dute, baina gizonezkoen kopurua oraindik nagusi den eremuetan, emakumeen kopurua ezin da izan % 60tik gorakoa hautagaien zerrendan.

Klaustrokideak hautatuko diren egun berean hautatuko da Unibertsitateko errektorea. Bi hautagai daude eta biak dira gizonezkoak. Klaustrorako araudi bat erabiltzen da eta beste araudi bat, ezberdina, errektorea hautatzeko (lehena kide anitzeko organoa delako eta bestea kide bakarrekoa). Hauxe dio araudiak: «...arautegi hori 4/2007 Legera egokitu beharra dago, hauteskunde taldeak aldatu egin baitira, eta, bestalde, gizon eta emakumeen arteko berdintasunerako indarrean dagoen legedia ere kontuan izan behar da. Unibertsitateen Lege Organikoak, 20.2 artikuluaren bidez, ematen du errektorea aukeratzeko sistema aldatzeko aukera, baina aldaketa hori Unibertsitateko Klaustroak onartu behar du estatutuetan egin beharreko aldaketen bidez».

Diskurtsoa aldatu egin da. Oraingoan Berdintasunaren Legea «izan behar da kontuan», epel-epel, eta araudiak ez du kuotarik ezartzen, ez du aipatzen «kremaileraren teoria», eta ez du esaten legealdi bakoitzean txandakatuko direla sexu bateko eta besteko hautagaiak, kide bakarreko organoak direnean. Zertarako. Jakin badakite zaila dutela emakumeek errektoretzarako aurkeztea: katedradunen artean emakumeen kopurua hutsaren hurrengoa da.

Ez dakit gure hautagaitza onartua izango den ala ez. Jakin badakidana, seguru jakin ere, zera da, hurrengo errektorea gizona izango dela. Baietz izan, postura!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo