Euskal kirol eta jokoak Xiba
Amikuze, Baigorri eta Donamartiri, finalera
A.A. | DONOSTIA
Xibak antolatzen dituen Euskal Herrien Arteko Joko Topaketak badoaz aurrera eta aurreko asteburuan Nafarroa Behereko taldeen txanda izan zen. Amikuze, Baigorri, Donamartiri, Arrosa, Ortzaize eta Bankako taldeak Baigorrin bildu ziren aurreko larunbatean, eta hasiera batean lehiaketa plazan egiteko asmoa izan arren, azkenean ezker-paretako pilotalekura eraman behar izan zuten antolakuntza eguraldiak txartzeko joera hartu baitzuen. Hala ere, kirol-lehia ederra jokatu zuten eta final nagusirako txartela Amikuzek, Baigorrik eta Donamartirik eskuratu zuten.
Amikuzek eta Arrosak eman zioten hasiera neurketari sokatiran, ondoren Baigorri eta Donamartiri aritu ziren harri-jasotzen, lasto-altxatzen eta ingudearekin eta, segidan, Banka eta Ortzaize ibili ziren auzolanean txingan, lokotxetan eta zaku-eramaten. Beste probak trontza, xiba, toka, musa, dantza eta egur-meta izan ziren. Bi orduz luzatu zen festa eta gero afaria egin zuten.